Itxi

Athletic Club

Eztabaida

Pellegrini: "Athleticen aurkako partidan gertatutakoa lotsagarria izan zen"

A. A. | EITB MEDIA

Betiseko entrenatzaile txiletarra kexu agertu da Nabil Fekir bere jokalariak "hamar-hamabi ostiko" jaso zituelako zuri-gorrien aurka jokatu zuten Kopako final-laurdenetako kanporaketan.

  • Pellegrini (ezkerrean) Hernandez Hernandez epailearekin hitz egiten Athleticen aurkako neurketan.

    Pellegrini Hernandez Hernandez epailearekin hitz egiten Athleticen aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Manuel Pellegrini Betiseko entrenatzailea oso kexu agertu da Athleticeko jokalariek iragan ostegunean, Kopako final-laurdenetako kanporaketan, Nabil Fekir erdilariarekiko izan zuten jarreraren gainean, eta "lotsagarria" izan zela iritzi dio.

Betiseko erdilari frantziarrak sartzen dituen gol kopuru urriari buruz galdetu diote kazetariek prentsaurrekoan, eta prestatzaile txiletarrak gola sartzea kosta egiten zaiola onartu ostean, Liga osoan "falta gehien jasotzen dituen futbolaria" delako nabarmendu du, eta zuri-gorrien aurkako kanporaketa jarri du adibidetzat.

Hala, Pellegiriniren aburuz, Athleticen aurkako partidan gertatutakoa "lotsagarria izan zen". Bere esanetan, Fekirri "gutxienez hamar-hamabi ostikada eman zizkioten partida osoan zehar". Gainera, bere ikuspuntuaren arabera, epaileak "kanporatu" egin behar izan zituen ostikada horien egileak.

Marcelino: "Irabaztea merezi izan genuela uste dut"

Bestalde, Marcelino Garcia Toral, bilbotarren entrenatzaileak, igande honetan Valentziaren aurka jokatu behar duen partidaren aurreko prentsaurrekoan, Pellegriniren adierazpenak entzuteko aukerarik izan ez duela onartu du. Alabaina, VARaren presentzia azpimarratu nahi izan du horrelako jokaldiak epaitzeko: "Emaitza hor dago, VARa dago".

Halaber, bere jokalariek Andaluziako taldea kanporatzeko egindako neurketa goraipatu nahi izan du. "Irabaztea merezi izan genuela uste dut", azpimarratu du. Azkenik, sailkatu ahal izateko Betisek erasoan "gauza gutxi" egin zuela adierazi du.