Athletic Club
Lesioak gaindituta
Muniain eta Villalibre prest egongo dira Levanteren aurkako finalerdirako
A. B. | EITB Media
Iker Muniain eta Asier Villalibre Athleticeko jokalariek arazorik gabe burutu dute astearte honetako entrenamendua taldekideekin batera, eta ostegunean jokatzeko prest egongo dira.
-
Muniain eta Villalibre, beste taldekide batzuekin Athleticen entrenamenduan. Argazkia: EFE
Azken egunetan min hartuta ibili diren Iker Muniain eta Asier Villalibre Athleticeko jokalariek entrenamendua egin dute taldekideekin batera astearte honetan Lezaman, eta prest egongo dira ostegunean Levanteren aurka Errege Kopako finalerdietako partida jokatzeko.
Valentziaren kontrako igandeko Ligako partida galdu zuten bi jokalariek, arazo muskularrengatik. Gainera, Muniainek ezin izan zuen osteguneko Betisen aurkako Kopako final-laurdenetako neurketa jokatu, min hartuta egon zelako. Hala ere, eta azken orduko arazorik ezean, Muniain eta Villalibre prest egongo dira ostegunean San Mamesen jokatzeko.
Bestalde, Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak Raul Garcia ere berreskuratuko du Levanteren aurkako lehiarako, Nafarroako jokalariak Valentziaren aurka partida bateko zigorra bete ostean.
Beraz, Athleticek Levanteren aurkako finalerdiko joaneko partidan jokatzeko prest izango ez dituen futbolari bakarrak izango dira Peru Nolaskoain eta Iñigo Vicente.