Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athleticek Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du Espanyol mendean hartuta (1-0)

A. B. E. | EITB Media

Zuri-gorriek irabazi egin diote Kataluniako taldeari, 1 eta 0, San Mamesen jokatu duten Errege Kopako final-zortzirenetako partida. De Marcosek sartu du neurketako gol bakarra, 27. minutuan.

3:41
Athletic Club - Espanyol

Athletic Errege Kopako final-laurdenetara sailkatu da asteazken honetan (urtarrilak 18) Espanyoli irabazita (1-0) San Maesen jokatu den final-zortzirentako partida. Txapelketko hurrengo faseko zozketa urtarrilaren 20an egingo da.

Lehen abisua Athleticek eman du Yerayk urrunetik egin duen jaurtiketaren bidez, baina baloia kanpora joan da. Area kanpotik egindako jaurtiketekin beste hiruzpalau saiakera egin ditu talde zuri-gorriak, baina jaurtiketek ez dute aurkariaren atea aurkitu. Hamabosgarren minutuan Berenguerren gola eragotzi du Joan Garcia Espanyoleko atezainak, jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Zazpi minutu beranduago beste abagune bat izan du Athleticek; Sanceten errematea, ordea, atezainak gelditu du.

Espanyol ezinean ibili da lehen txanpan, baina sustoa eman du 24. minutuan: Joseluk zuri-gorrien atea zulatu du, baina epaileak baliogabetu egin du gola, aurrelaria jokoz kanpo egon delako baloia jaso duenean. Bizkaiko taldearen erantzuna azkarra izan da, Sancetek langa gainetik kanpora bidali baitu baloia, 26. minutuan. Ia jarraian, Athleticen ekinak saria jaso du; Zarragak pasea eman dio Sanceti, erdilariak orpoz De Marcosi, eta azken honek 1-0ekoa jarrai du markagailuan, atezainaren aurrean baloia ate barrura errematatuta.

Zuri-gorrien gola 27. minutuan iritsi da, eta azken txapan ere izan ditu besteren bat sartzeko aukerak: Berenguerren falta jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik 37. minutuan, baita Guruzetarena ere, bost minutu beranduago.

Lehen 45 minutuen amaieran ez da gol gehiago egon, eta Athletic abantailarekin joan da atsedenaldira.

Bigarren zatia ere erritmo biziarekin hasi da. Espanyol erasokor zelairatu da, eta abagunea izan du 49. minutuan; Vesgak eragotzi du Kataluniako taldearen gola, baloia desbideratu eta Montesen errematea saihestuta.

Bilboko taldeari gehiago kosta zaio gol aukerak sortzea bigarren zatian. Neurketako 68. minutuan izan du bigarren zatiko lehen abagunea, baina Sanceten errematea, indarge, atezainak gelditu du arazorik gabe.

Azken txanpan baloiaren jabetza berreskuratu du Athleticek. Valverdek zuzentzen duen taldeari kosta egin zaio abagune argiak sortzea, baina pare bat izan ditu amaierako minutuetan; hala ere, Joan Garciak gelditu egin ditu Raul Garciaren eta Yuriren jaurtiketak hurrenez hurren.

Amaieran, zuri-gorriak izan dira garaile Espanyolen kontra (1-0), eta aurrera egin dute Errege Kopan.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Zarraga (Herrera, 79. min); Nico Williams, Sancet (Raul Garcia, 79. min), Berenguer (Muniain, 69. min); eta Guruzeta (Iñaki Williams, 69. min).

0 - Espanyol: Joan Garcia; Ruben Sanchez (Lazo, 78. min), Sergi Gomez, Montes, Cabrera (Aleix Vidal, 46. min), Brian Olivan; Vini Souza, Darder (Nico Melamed, 61. min), Exposito (Pol Lozano, 69. min); Puado (Koleosho, 69. min) eta Joselu.

Gola: 1-0, 27. min: De Marcos.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia atera dio Yeray (45. min) Athleticeko jokalariari, baita Puado (36. min), Ruben Sanchez (44. min), Sergi Gomez (48. min) eta Vini Souza (93. min) Espanyoleko futbolariei.

VAReko epailea: Santiago Jaime Latre.