Itxi

Athletic Club

2024RA ARTE

Valverdek beste denboraldi baterako berritu du Athleticekin zuen kontratua

A. A. | EITB MEDIA

Horrela, entrenatzaile zuri-gorriak 8 denboraldi egingo ditu Bilboko taldearen aulkian, hiru arotan banatuta.

2:09
Ernesto Valverde

Athleticek ostiral honetan ezagutzera eman duenez, Ernesto Valverdek Bilboko taldeko entrenatzailea izaten jarraituko du datorren denboraldian ere; izan ere, Viandar de la Veran (Extremadura) jaiotako teknikariak eta klub zuri-gorriak elkarren arteko lotura luzatzea adostu dute 2024ko ekainaren 30era arte.

Valverde da Athleticen historian zehar (aurten 125. urtemuga ari da ospatzen kluba) partida gehien zuzendu dituen entrenatzailea: 332, gaurdaino, hiru alditan banatuta. Hala, Extremaduran jaio baina txikitatik Gasteizen bizitako teknikaria 2005etik 2007ra arte egon zen taldea zuzentzen lehen aldiz; gerora, 2013an itzuli zen 2017ra arte; azkenik, iaz hasi zen berriro Athleticen, Jon Uriarte Athleticeko presidente berriaren eskutik.

"Harro egoteko modukoa da klubak pentsatzea beste urtebetez Athletic zuzentzeko pertsona aproposa naizela. Oso gustura egiten dut lan taldearekin, eta ikusten dut hobetzeko aukerak ditugula. Gure zaleak zoriontsu egiten saiatuko naiz", nabarmendu du teknikariak klubak zabaldutako adierazpenetan.

Bestalde, Jon Uriarte presidenteak nabarmendu du Valverde dela Athleticentzat egon daitekeen "entrenatzailerik onena". "Urrats honek egonkortasun handia ematen digu, eta, horrela, datorren denboraldia aldez aurretik presta dezakegu. Kirol proiektuaren zutabe estrategikoetako bat ziurtatuta daukagu", adierazi du agintariak.