Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek hiru puntuak eskuratu ditu San Mamesen Celtari irabazita (2-1)

I. G. | EITB MEDIA

Bilbotarrek Europako postuengatik borrokan jarraitzen dutela erakutsi nahi izan dute, eta argi eta garbi nagusitu dira gol-zaparrada izan zitekeen norgehiagokan, baina Iñaki Williamsen eta Alex Berenguerren golei esker erabaki dena.

  • Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen

    Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 2-1 irabazi du Celtaren aurka larunbat honetan San Mamesen Santander Ligako 35. jardunaldian jokatu duen partida. Bilbotarrek Europako postuengatik borrokan jarraitzen dutela erakutsi nahi izan dute, eta argi eta garbi nagusitu dira gol-zaparrada izan zitekeen norgehiagokan, baina Iñaki Williamsen eta Alex Berenguerren golei esker erabaki dena.

Athletic - Celta partidako laburpena

Partida azkar jarri da lehoien alde. Athletic haztamuka hasi da, eta hasiera kontrolatzaile horren erdian iritsi da partidako lehen gola. De Marcosek hegalean hartu du baloia eta Iñaki Williams bilatu du erdiraketa batekin. Erdiraketa ona izan da eta aurrelariaren errematea bikain kokatua, bigarren zutoinetik gertu, geldiezina Galiziako taldearen atezainarentzat (1-0).

Celtak erantzuna eman dio golari eta zuri-gorrien areara gehiago hurbiltzen hasi da. Larsenek bisitarien lehen abagune argia izan du, bere taldearen jokaldi on batean, baina De Marcos azkar ibili da aurrelariaren jaurtiketa saihesteko, baloia kornerrera bidaliz.

Berenguer izan da bilbotarren kontraerasoan liderra, eta Iñaki bilatzen saiatu da baloia atera bidalita, bigarrena egin zezan, baina oraingoan Villar azkarrago ibili da eta ez dio baloia jasotzen utzi.

Athletic gehiago erasotzen aritu da, eta Williams anaien abiadura amesgaizto etengabea izan da aurkarientzat. Izan ere, Iñakik hainbat saiakera izan ditu atea zulatzeko, baina azken metroetan ez du asmatu.

28. minutuan, etxekoek defentsa zeltaren eskua eskatu dute area barruan, baina epaileak hor ez zegoela ezer erabaki du.

Gutxiren buruan, Gabri Veigak urruneko txut ona egin du, eta Unai Simon luzatzera behartu du geldiketa bikaina egiteko.

Athleticek bere nagusitasuna erakutsi du jokoan hainbat abagunerekin, horietako bat Yuri Berchichek egindako errematea. Atezainak mirariz atera du baloia, eta markagailua ez da mugitu.

Bigarren zatia oso modu ezberdinean hasi da. Celtak baloia lapurtu du, Luca de la Torrek jokaldi bikaina egin du eta Larsenek baloia sarera bidali du burukada batekin, taulak markagailuan jartzeko (1-1).

San Mamesen poztasunerako, Athleticek ondo erantzun dio berdinketari eta Berenguerren golari esker aurretik jarri da berriro. Baloia arean zehar hainbat aldiz ibili ondoren, nafarrak baloia jaso du, bi defentsetatik ihes egin du eta bigarren zutoinera jaurti du bere taldearen bigarrena sartzeko (2-1).

69. minutuan ia beste gol bat sartu du, zutoinarekin topo egin duen eskuinkada batekin.

Amaierarako 10 minuturen faltan, Ander Herrerak eta Dani Garciak zelaia utzi behar izan dute min hartuta. Oier Zarraga eta Mikel Vesga sartu dira euren ordez.

Baina partida erabakita zegoen jada eta Athleticek sailkapeneko 7. postuan jarri duten hiru puntu eskuratu ditu.

Ficha técnica

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Dani Garcia (Zarraga, 82. min), Sancet; Nico Williams (Herrera, 59. min; Vesga, 74. min), Muniain (Adu Ares, 82. min), Berenguer; eta Iñaki Williams (Raul Garcia, 82. min).

1 - Celta: Ivan Villar; Kevin Vazquez (Mingueza, 46. min), Aidoo, Unai Nuñez, Javi Galan; Carles Perez, Beltran (De la Torre, 23. min), Oscar Rodriguez, Cervi (Miguel Rodriguez, 46. min); Gabri Veiga (Paciencia, 77. min) eta Strand Larsen (Seferovic, 61. min).

Golak: 1-0, 5. min: Iñaki Williams. 1-1, 52. min: Strand Larsen. 2-1, 54. min: Berenguer.

Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horia atera die Paredes, Dani Garcia, Raul Garcia eta De la Torre jokalariei.