Itxi

Athletic Club

DENBORALDI HONETATIK AURRERA

Athleticek zortzi autobus linea kontratatu ditu zaleak San Mamesera joateko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Klub zuri-gorriak kontratatutako autobusak hurrengo zonaldeetatik joango dira: Aiara, Arratia, Enkarterri, Durangaldea, Lea-Artibai, Bermeo-Mungia, Busturialdea eta Gasteiz.

  • Athleticeko zaleak

    Athleticeko zaleak. Argazkia: EFE

Athleticek denboraldi berri honetatik aurrera zortzi autobus linea kontratatuko ditu San Mamesera joateko zailtasunak dituzten zaleek, zelaira joatea ahalbidetzeko. Ekimen honek Athletic Mugituz mugikortasun proiektuaren barruan dago, non helburua den "partida egunetan bazkideek San Mameserako duten irisgarritasuna hobetzea eta erraztea".

Aipatu garraio-lineak datorren denboraldian San Mamesen jokatuko diren Ligako partida guztietarako bonu baten bidez izango dute eskura bazkideek, eta abuztuaren 12an Madrilen kontrako partidarekin hasiko da. Bonuak ez du balioko Ligako partidak ez diren neurketa posibleetan, baina "sarrera indibidualak lortzeko posibilitatea" egongo da, aukera ematen bada.

Klub zuri-gorriak kontratatutako autobusak hurrengo zonaldeetatik joango dira: Aiara (Amurrion, Orozkon eta Laudion geldituko da), Arratia (Zeanurin, Areatzan eta Igorren), Enkarterri (Balmasedan, Zallan eta Sodupen), Durangaldea (Durangon eta Zornotzan), Lea-Artibai (Lekeition eta Markinan), Bermeo-Mungia (Bermeon eta Mungian), Busturialdea (Gernikan) eta Gasteiz (Gasteizen).

Hasieran bi autobus jarriko dituzte zonaldeko, baina linea hauek martxan jartzeko, derrigorrezkoa izango da bazkide kopuru nahikoarekin osatzea autobus bakoitza. Hori gertatzen ez bada, Athleticek ez du martxan jarriko garraio-linea hori.

Bonua eskaintzeko inskripzio epea uztailaren 19tik abuztuaren 1era arte zabalik egongo da.