Itxi

Eibar

31. jardunaldia

Valentziari irabazi eta jaitsiera postuekin zuloa zabaldu du Eibarrek (1-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginek 6 puntura aldendu dituzte jaitsiera postuak, Kondogbiak bere atean sartutako golari esker.

  • Eibarreko jokalariek partidako gol bakarra ospatzen.

    Eibarreko jokalariek partidako gol bakarra ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek aurrerapauso handia eman du Lehen Mailari eusteko borrokan, ostegun honetan Valentziari 1-0 irabazita, Geoffrey Kondogbia Valentziako jokalariak bere atean sartutako golarekin.

Albert Celadesek bezperan onartu zuen goian egoteko etxetik kanpo irabazi behar dela, baina lehen zatian nahiago izan du jokoaren ekimena Eibarri. Tarte horretan, armaginek aspaldiko joko onena erakutsi dute.

Cillessen ez zebilen oso seguru, eta Eibarreko aurrelariak hori aprobetxatzeko zorian egon dira pare bat aldiz, baina, bitxia bada ere, gola taldekide batek egin dio Herbeheretako atezainari, Kondogbiak, hain zuzen ere.

Itxuraz arriskurik gabeko korner jaurtiketa batean, nahasmena izan da area barruan, eta horrek Afrika erdialdeko futbolariaren akatsa eragin du, baloia bere atetik urrutiratu nahi zuenean.

Eibarrek nahi zuen tokian zeukan partida: emaitza alde; Valentzia, beharrizanean; eta zulo ugari talde gipuzkoarrari horrenbeste emaitza on ekarri dizkion Jose Luis Mendilibarrek ezarritako futbol zuzena egiteko.

Celadesen taldeak ez du Dmitrovic kezkatu lehen zati osoan, baina penaltia egon zitekeen bi jokalditan etekina ateratzeko zorian egon da: lehendabizikoan, Gayari heltzeagatik eta, azken txanpan, Cotek buruan Guedesi ostikada emateagatik. Aipatu ekintza bietan, VARak ez du esku hartu.

Eibarrek ez du markagailuarekin espekulatu, eta bigarren zatian ere Valentzia estu hartzen saiatu da norgehiagoka erabakita uzteko asmoz. Cotek aukera handia izan du horretarako, baina Cillessenen geldiketa bikain batekin egin du topo, baloia kornerrera desbideratzeko.

Valentziako taldeak amaierara arte eutsi dio bere futbol motelari, partida berdintzeko itxaropenik gabe. Cillessen izan da jokalari nabarmenena, etxekoen bigarren gola saihestu baitu, eta erasora ere jo du geldikako jokaldietan.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic, Oliveira, Correa, Bigas, Cote, Orellana, Escalante, Edu Expósito, Pedro León (Cristóforo, 79. min), Kike García (Álvarez, 93. min) eta Charles (Sergi Enrich, 79. min).

0 - Valentzia: Cillessen; Wass (Florenzi, min. 62), Gabriel, Mangala, Gayà; Torres (Maxi Gómez, 84. min), Parejo, Kondogbia, Soler (Gameiro, 46. min); Guedes (Cheryshev, 62. min) eta Rodrigo.

Gola: 1-0, 15. min: Kondogbia, bere atean.

Epailea: Jaime Latre. Mangala kaleratu du 89. minutuan, bigarren txartel horia atera eta gero. Gainerako txartel horiak: Escalante, Orellana eta Sergi Enrich (Eibar).