Itxi

Eibar

Eibar-Osasuna, atarikoa

Eibarrek jaitsierarekiko zuloa ireki nahi du, askoz lasaiago dagoen Osasunaren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Talde biak bolada onean daude, azken bi partidak irabazi eta gero. Armaginek 6 puntura dituzte jaitsierako postuak, eta gorritxoek, berriz, 12 puntuko tartea dute alde.

  • Eibarrek eta Osasunak lehen itzlian jokatutakopartdiaren irudia

    Eibarrek eta Osasunak lehen itzlian jokatutakopartdiaren irudia. Argazkia: Efe.

Eibar eta Osasuna aurrez aurre izango dira ostegun honetan Ipuruan, 19:30ean. Azken bi jardunaldietan lortutako garaipenen bultzadarekin iritsiko dira biak derbira, mailari eusteko bidean.

Garaipena eskuratzekotan, ia behin betiko urratsa izango litzateke Eibarrentzat. Osasunak, aldiz, dagoeneko ziurtzat jo dezake Lehen Mailari eutsiko diola, baina matematikoki ziurtatzea falta dute.

Bi berdinketa eta bi garaipen jarraian lortuta, Jose Luis Mendilibarren taldeak atzean utzi du orain ez horrenbeste zuen egoera zaila, jaitsierako postuak ate-joka baitzituen.

Partida honetan, armaginen entrenatzaileak ezingo ditu Gonzalo Escalante argentinarra eta Fabian Orellana txiletarra zelairatu. Eibarrekin zuten kontratua ekainaren 30ean amaitu zen, eta ez dute parte hartuko liga amaitzeko falta diren partidetan. Escalantek Italiako Lazio taldean jardungo du datorren denboraldian; Orellanak, bere aldetik, Valladoliden.

Txandakatzeak espero dira Eibar taldean, hala egin baitu Zaldibarko entrenatzaileak etenaldiaren ostean. Hala, Cote eta Correa defentsako lerrora itzul daitezke, eta Sergi Enrich aurrealdera. Balearrak ez zuen aurreko jardunaldian jokatu, zigortuta baitzegoen, bosgarren txartel horia pilatu ostean.

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak prentsaurrekoan esan duenez, ez die bere jokalariei konfiantza gehiegirekin zelairatzen utziko, nahiz eta, itxura guztien arabera, mailari eutsiko dion. "Klub eta kamiseta hauek defendatzen ditugun bakoitzean, partida irabaztera joateko pizgarriak dira", adierazi du.

Salbazioa esku-eskura dutela joango dira gorritxoak Eibarrera, baina euren alderdirik lehiakorrena erakusteko asmoarekin eta betebeharrarekin, Lehen Mailan beste urtebetez jarraitzea matematikoki ziurtatuko duten hiru puntuak lortzeko.

Armaginen aurrean, Arrasatek Oier eta David Garcia zelaira ditzake, aurreko jardunaldian txartel pilaketagatik zigortuta egon ondoren.

Gorritxoen deialdiko albiste nagusia Facundo Roncaglia atzelari argentinarra deialdira itzuli izana da, lesioa gainditu baitu.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic, Correa, Bigas, Oliveira, Cote, Pedro León, Edu Expósito, De Blasis, Sergio Álvarez, Kike García eta Enrich.

Osasuna: Sergio Herrera, Roncaglia, Aridane, David García, Estupiñán; Roberto Torres, Darko, Oier, Arnaiz, Cardona eta Gallego.

Epailea: Munuera Montero (Andaluziako batzordekoa).

Futbol-zelaia: Ipurua.

Ordua: 19:30.