Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATAR 2022

Portugalek sufritutako garaipena lortu du Ghana nekaezin baten aurka (3-2)

I. G. | EITB MEDIA

Iñaki Williams Athleticeko jokalariak aukera argia izan du azken minutuetan atezainari baloia lapurtzean, baina aurrelari bilbotarrak irrist egin du eta ezin izan du berdinketa eragin zezakeen jokaldia amaitu.

  • Portugal eta Ghanaren arteko partida

    Portugal eta Ghanaren arteko partida. Argazkia: EFE

Portugalgo selekzioak 3-2 irabazi zion Ghanari ostegun honetan H Multzoko lehen jardunaldian, Cristiano Ronaldok, Joao Felixek eta Rafael Leaok sartutako golei esker.

Partida Portugal protagonista batekin hasi da, baloiaren jabetzarekin eta presio handiagoa eginez baloia afrikarren esku zenean.

Portugaldarrek Ghana menderatu dute lehen ordu erdian, baina arriskurik sortu gabe. Iñaki Williams baloi luzeren bat harrapatzen saiatu da, baina aurrelari bakarra izateak lana zaildu dio.

Domeinu hori susto bihurtu da lehen 30 minutuak pasata, Cristianok area barruan baloi bat jaso duenean sarera bidaltzeko. Baina epaileak aurretik falta bat zela ulertu du, eta gola baliogabetu du. Ghanak asko sufritu du jabetzarik gabe, eta korner bikoitz batekin izan du bere lehen hurbilketa.

Bigarren zatian gidoi berarekin jarraitu dute, Portugal jaun eta jabe izanik. Hala ere, minutuek aurrera egin ahala, Ghana jokaldi landuagoak egiten hasi da, eta lehen aldiz jaurti ahal izan du atera, 53. minutuan.

Balantzak Portugalen aldera jo du Cristiano Ronaldori egindako zalantzazko penalti batekin. Portugalgo aurrelariak ez du hamaika metroetatik huts egin bere zortzigarren gola Munduko Txapelketa sartzeko.

Baina, behera etorri beharrean, Ghanak bigarren zatiko planarekin jarraitu du. 70 minutuen ondoren, Kudusek baloi luze bat aprobetxatu du area barruan sartu eta André Ayew kapitainari berdinketa eskaintzeko.

Bost minutu geroago, Afrikako taldeak akats larri bat egin du zelai erdian, eta Joao Felixek 3-1ekoa sartu du.

Hala ere, Bukari sartu berria Portugalgo erdiko atzelarien artean altxatu da ezkerretik erdiraketa bat errematatzeko eta Portugali beldurra sartzeko 3-2koarekin.

Iñaki Williamsen aukera azken minutuetan. Argazkia: EFE

Iñaki Williamsen aukera azken minutuetan. Argazkia: EFE

Hortik aurrera, Portugalek afrikarrak eusten jakin du. Hala ere, Iñaki Williamsek azken aukera bat izan du atezain portugaldarrari lapurtutako baloi batekin, baina aurrelari bilbotarrak irrist egin du eta ezin izan du berdinketa suposatzen zuen jokaldia amaitu.

 

Fitxa teknikoa

3 - Portugal: Diogo Costa; Joao Cancelo, Ruben Dias, Danilo Pereira, Raphael Guerreiro; Rubén Neves (Rafael Leao, 77. min); Otavio (William Carvalho, 56. min), Bernardo Silva (Palhinha, 87. min), Bruno Fernandes; Joao Felix (Joao Mario, 88. min) eta Cristiano Ronaldo (Gonçalo Ramos, 88. min).

2 - Ghana: Zigi; Seidu (Lamptey, 66. min), Djiku (Semenyo, 92. min), Amartey, Salisu, Baba, Kudus (Bukari, 77. min), Thomas Partey, Abdul-Samed (Kyereh, 92. min), Andre Ayew (Jordan Ayew, 77. min) eta Iñaki Williams.

Golak: 1-0, 65. min: Cristiano Ronaldo. 1-1, 73. min: Andre Ayew. 2-1, 78. min: Joao Felix. 3-1, 80. min: Rafael Leao. 3-2, 89. min: Bukari.

Epailea: Ismail Elfath (Estatu Batuak). Txartel horia atera die Kudus (46+), Andre Ayew (49), Seidu (57), Danilo (91), Iñaki Williams (91) eta Bruno Fernandes (95) jokalariei.