Itxi

Osasuna

ERREGE KOPA

Osasunak aurrera egin du du Kopan, Lorca kanporatu ostean (0-3)

AGENCIAS | REDACCIÓN

Brandonek aurreratu ditu gorritxoak lehen zatian, eta Fran Meridak (penaltiz) eta Juan Villarrek egin dituzte gainerako bi golak bigarrenean.

  • Ivan Martinez 'Barbero' Osasunako aurrelaria eta Lorcako Oscar Oliva baloi baten lehian.

    Ivan Martinez 'Barbero' Osasunako aurrelaria eta Lorcako Oscar Oliva baloi baten lehian. EFE

Osasunak merezimenduz gainditu du Lorca, Francisco Artes Carrasco futbol-zelaian jokatu den partidan (0-3), eta, hartara, Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko eskubidea bereganatu du.

Talde nafarrak aurrealdean azaldu duen eraginkortasun handiagoari esker lortu du garaipena, bi taldeek erasoari begira ekin baitiote neurketari.

Etxekoek birritan eman dute abisua Andres Carrascoren bitartez, baina Lorcako aurrelariaren erremateak kanpora joan dira. Osasunak, berriz, Brandonen eta Barberoren bidez erantzun du, baina haien jaurtiketak ere desbideratuta atera dira.

Hain zuzen ere, jokalari bi horiek izan dira 0-1eko protagonistak. Barberok barneraldia egin du eskuin hegaletik, eta atzerantz erdiratu du baloia, Brandonek gola egiteko balia zezan. Ondorioz, Jagoba Arrasateren taldea markagailuan aurretik jarri da 20. minutuan.

Ondoren, nafarrak jokoaren kontrolaz jabetu dira, eta aldea handitu ahal izan dute Moncayolaren eta Brandonen bitartez eta, batez ere, Barberoren jaurtiketa batean.

Iban Urbanok zuzentzen duen taldeak, Hirugarren Mailako XIII. multzoan bigarren postuan dagoenak, Osasunaren menpe jarraitu du bigarren zatiaren hasieran. Dena den, Osasunaren bigarren gola ez iritsi 67. minutura arte.

Luismik penalti egin dio Rober Ibañezi, eta Fran Meridak aukera garbi hori aprobetxatu du 0-2koa erdiesteko. Emaitza horrekin, asko erraztu zaizkio gauzak Iruñeko taldeari, eta Rober Ibañezek gidatutako kontraeraso batean norgehiagoka erabat erabakita utzi du Juan Villarrek.

Garaipena handiagoa izan zitekeen, baina Adrianek langaren gainetik bidali du izan duen abagunea.

Fitxa teknikoa:

0-Lorca Deportiva: Hortal, Luismi, Cifu, Angel Robles (Eric Jerez, 71. min), Sergio Rodriguez, Higgins, Samu Martínez (Alferez, 79. min), Paco Miñarro (Manu Costa, 67. min), Oliva, Javi Bolo eta Andres Carrasco.

3-Osasuna: Iñaki Alvarez, Unai Garcia, Aridane, Raul Navas, Iñigo Perez, Fran Merida, Rober Ibañez, Juan Villar (Adrián, 76. min), Moncayola (Endika, 82. min), Barbero (Javi Martínez, 82. min) eta Brandon.

Golak: 0-1, 20. min: Brandon. 0-2, 67. min: Fran Merida, penaltiz. 0-3, 75. min: Juan Villar.

Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Txartel horiak: Oliva eta Cifu (Lorca).