Itxi

Futbola

ERREGE KOPA

Penaltietan lortu dute sailkapena Sestaok eta Barakaldok

eitb.eus

Sestaoarrek 1-1 bukatu dute Lugoren aurkako lehia, eta barakaldarrek 0-0 amaitu dute Villarrubiaren kontra jokatutako kanporaketa.

  • Penaltiek erabaki dute Sestaoren garaipena.

    Penaltiek erabaki dute Sestaoren garaipena. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Sestaok eta Barakaldok Errege Kopako lehen kanporaketa gainditu dute asteazken honetan, Lugo eta Villarrubia, hurrenez hurren, penaltietako txanda erabakigarrian garaituta.

Sestaoarrek markagailuan aurrea hartzea lortu dute lehenengo zatiko 37. minutuan, Leandro Martinezek erdietsitako golaren bidez; alabaina, Bigarren Mailan jokatzen duen Galiziako taldeak markagailua orekatu du partidaren luzapenean.

Etxeko zaleak hurrengo kanporaketarako sailkapena esku-eskura ikusten zutenean, Cristian Herrera Lugoko jokalariak gola sartu du ezustean, area barruan atzelari bizkaitarrak baino trebeagoa izanda. Horrenbestez, partida 30 minutuko luzapenera joan da, baina ez da golik izan bertan (1-1).

Ondoren, penalti jaurtiketen txanda iritsi da. Bi taldeak oso seguru agertu dira 11 metroko puntutik, lehen bost penaltiak sartu baitituzte. Hala ere, seigarren jaurtiketa iristearekin batera etorri da Riverri kanporaketa gainditzeko aukera eman dion bisitarien akatsa.

Horren aurrean, Ivan Alonso jokalariari egokitu zaio sailkapena lortzeko aukera eman zezakeen penaltia jaurtitzeko ardura. Ez du hutsik egin (6-5), eta zoramena piztu da garaipena ospatzeko asmoz zelai barrura sartu diren Sestaoko zaleen artean.

Barakaldok ere aurrera egin du

Barakaldoko jokalariak, aldageletan garaipena ospatzen. Argazkia: @barakaoficial

Ildo beretik joan da Lasesarren Barakaldok eta Villarrubiak jokatutako norgehiagoka ere. Ciudad Realgo taldea Bigarren B Mailan aritzen da, Barakaldo bezala, eta bien arteko lehia hutsean amaitu da arauzko 90 minutuak bete direnean. Jarraian etorri diren 30 minutu gehigarriek ere ez dute markagailuan eraginik izan (0-0).

Horrenbestez, partida honetan ere penalti puntutik erabaki behar izan dute sailkatuaren izena. Etxekoak oso ziur agertu dira zeregin horretan. Bisitariek, aldiz, lehenengo jaurtiketa huts egin dute, eta, azkenerako, hutsegite horrek galbidea ekarri die, Hernan Perezek zuzentzen duen taldearen mesedetan (5-3).