Itxi

Osasuna

14. jardunaldia

Laugarren partida galdu du jarraian Osasunak, eta azken postuan dago (1-3)

A. A. | EITB MEDIA

Talde gorritxoak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 19. minututik aurrera, epaileak Aridane kanporatu baitu.

0
Osasuna – Vila-real partidako laburpena eta gol guztiak

Osasunak galdu egin du berriro Sadarren (1-3) Vila-realen aurka, LaLiga Santanderreko 14. jardunaldian, eta sailkapeneko azken postuan kokatu da 11 punturekin, 13 jardunaldi jokatu ostean (oraindik laugarren jardunaldiari dagokion Granadaren aurkako lehia dauka jokatzeko).

Talde gorritxoak berehala ahaztu ditu Tomaresen aurka Errege Kopan erakutsitako sentsazio onak, norgehiagoka hasi eta 7. minutura Gerard Morenok aurretik jarri baitu talde bisitaria. Minutu batzuk geroago, Jagoba Arrasateren mutilek neurketako bigarren kolpe gogorra jaso dute, epaileak Aridane Hernandez kanporatu baitu. Kanariarrak txartel gorri zuzena ikusi du, Fer Niñori atzetik heldu dionean, atezainaren aurrean bakarrik gera zedila ekiditeko. Epaileak ez du falta barkatu.

Hamar minutu geroago (29. min), Yeremyk eta Niñok horien bigarren gola sortu dute. Ordutik aurrera, Vila-real erabat nagusitu da, etxekoak pilotaren atzetik korrika besterik egiten ez zuten bitartean.

Hala ere, atsedenaldiaren ostean, eta nahiz eta gizon bat gutxiagorekin egon, Osasunak ez du etsi, eta aldea murriztu du Roberto Torresek sartutako penalti bati esker. 70. min), eta Vila-real bat estutu du minutu batzuez. Alabaina, 86. minutuan, Gerard Morenok partida erabakita utzi duen gola erdietsi du.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Rubén; Nacho Vidal (Roncaglia, 90. min), Aridane, David García, Juan Cruz (Unai García, 24. min); Roberto Torres, Oier (Javi Martínez, 89. min), Moncayola (Kike Barja, 72. min), Rubén García; Calleri (Darko, 46. min) eta Budimir.

3 – Vila-real: Asenjo; Mario, Albiol, Pau, Estupiñán (Costa, 46. min); Trigueros, Foyth (Moi, 46. min), Parejo; Gerard (Álex Millán, 88. min), Fer Niño (Rubén Peña, 84. min), Yeremy (Chukwueze, 72. min).

Golak: 0-1, 7. min: Gerard. 0-2, 29. min: Niño. 1-2, 70. min: Torres. 1-3, 86. min: Gerard.

Epailea: Figueroa Vázquez. Txartel horiak: Oier eta Unai García (Osasuna); Yeremy (Vila-real). 19. minutuan txartel gorria atera dio Aridaneri, Fer Niño atezainaren aurrean bakarrik gera ez zedin saiatu denean.