Itxi

Osasuna

23. jardunaldia

Osasunak irabazi egin du Budimirren golari esker, eta beheko postuetatik aldendu da

A. A. | EITB MEDIA

Aurrelari kroaziarra bigarren zatian zelairatu da Calleriren ordez, eta partidako gol bakarra sartu du. Minutu batzuk geroago, Herrerak penalti bat gelditu dio Moralesi.

0
Levante – Osasuna partidako laburpena eta gol guztiak

Osasuna 0-1 nagusitu da Levanteren aurka Ciutat de València estadioan. Valentziarrek, beharbada, Errege Kopako finalerdien biharamuna pairatu dute, eta nafarrek hori baliatu dute Sadarretik urrun denboraldiko bigarren garaipena lortzeko. Aurrekoa Liga txapelketan etxetik kanpo jokatu zuten lehen neurketan erdietsi zuten, Cadizen aurka (0-1), hain zuzen ere.

Horrela, Nafarroako taldeak hirugarren garaipena lortu du azken lau jardunaldietan, eta horrek sailkapeneko arrisku eremutik irtetea ahalbidetu dio; Levantek, berriz, eten egin du galdu gabe zeraman 10 partidako bolada onari, Ligako eta Kopako norgehiagokak kontuan hartuta.

Lehen zatia oso parekatua izan da, baina etxekoen nagusitasun handixeagoz, nahiz eta antzua izan. Bigarren zatian Osasunak izan duen aukera bakarra aprobetxatu du, Ante Budimirren bidez. Kroaziarrak Calleriren lekua hartu du zelaian 71. minutuan, eta hiru minutu besterik ez ditu behar izan gola erdiesteko, ukitu duen lehendabiziko baloian.

Handik ia berehala, Levantek lehia orekatzeko parada izan du penaltiz, Juan Cruzek De Frutosi area barruan egin dion falta argi baten ostean. Alabaina, Sergio Herrera atezainak primeran gelditu du Jose Luis Moralesen jaurtiketa.

Fitxa teknikoa:

0 - Levante: Aitor, Miramón (Son, 86. min), Duarte, Vezo, Toño (Clerc, 82. min), Malsa, Rober Pier (Bardhi, 63. min), Radoja, Rochina (De Frutos, 63. min), Sergio León (Morales, 63. min) eta Dani Gómez.

1 - Osasuna: S. Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Juan Cruz; Moncayola (Unai García, 87. min), Torró, Íñigo Pérez (Manu Sánchez, 71. min); Roberto Torres (Kike, 71. min), Calleri (Budimir, 71. min), Rubén García (Oier, 81. min).

Gola: 0-1, 74. min: Budimir.

Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak: Toño (Levante); Calleri eta Moncayola (Osasuna).