Itxi

Futbola

Azken txanpa

Euskal taldeen helburuak, Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direnean

Erredakzioa

Athleticek, Alavesk, Realak eta Eibarrek, denboraldiko azken txanparako helburu ezberdinak dituzte. Laurek, beste urtebetez jarraituko dute Lehen Mailan.

  • Alaves - Athletic. Argazkia: EFE

    Lehen itzuliko Alaves - Athletic partidako irudia. Argazkia: EFE

Santander Liga azken txanpan sartu da jada, eta bost jardunaldi besterik ez dira falta sasoia amaitzeko. Gauzak honela, lau euskal taldeek jarraituko dute beste urtebetez Lehen Mailan.

Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan da, 46 punturekin, eta Europarako postuetan sartzea du helburu. Errege Kopako finala jokatu arte, ez da jakingo zazpigarren sailkatua Europara sailkatuko den ala ez. Azken bost jardunaldi hauetan Alaves eta Sevilla aurkari zuzenen kontra jokatu beharko du talde zuri-gorriak, besteak beste.

Alavesek, bestalde, denboraldi bikaina egin du. Sailkapenaren goialdean egon da urte guztian, eta zortzigarren da orain. Behin hasierako helburua zen salbazioa lortuta, Europara sartzearekin amesten du Arabako taldeak. Athleticen aurka larunbatean jokatuko duen partida erabakigarria izango da Alavesentzat Europarako lehian jarraitzeko.

Gora-behera askoko denboraldia izaten ari da Realarentzat. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea sailkapenaren erdialdean kokatuta dago, 41 punturekin. Europarako sailkatzea ia ezinezko du talde txuri-urdinak, eta ahalik eta postu onenean amaitzen saiatuko da.

Bestalde, Eibarrek 40 puntu ditu. Talde armaginak, matematikoki ez bada ere, praktikoki lortuta dauka salbazioa. Hala ere, Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak beste garaipen bat lortu nahi du matematikoki salbazioa bermatuta uzteko.