Itxi

Futbola

Primera Iberdrola

Greba deialdiak bere horretan jarraitzen du emakumezkoen futbolean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hala baieztatu du AFE sindikatuak Lan Zuzendaritza Nagusiak bitartekaritza lana amaitutzat eman ostean.

  • Primera Iberdrolako jokalariak

    Primera Iberdrolako jokalariak

Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) ostegun honetan iragarri duenez, Primera Iberdrolako futbolarien greba mugagaberako deialdiak bere horretan jarraituko du asteburu honetan (azaroaren 16an eta 17an), ez baita akordiorik lortu bi aldeen artean. Izan ere, Emakumezkoen Futbol Kluben Elkarteak (ACFF) ezezkoa eman zion Lan Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako bitartekaritza proposamenari; aitzitik, sindikatuek onartu egin zuten proposamen hori.

Horrenbestez, Lan Zuzendaritza Nagusiak bukatutzat eman du emakumezkoen futbolaren lehen hitzarmen kolektiboa erdiesteko asmoz egindako bitartekaritza lana, eta hala jakinarazi du AFEk berak ostegun honetan plazaratutako ohar ofizialean: "Lan Zuzendaritza Nagusiak, patronalaren eta sindikatuen agiriak jaso ondoren, amaitutzat jo du Lehen Mailako futbolarientzako lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari diren eragileen artean egindako bitartekaritza".

Horrela, bi aldeen artean akordiorik lortu ez denez, AFEk greba egongo dela berretsi. "Greba mugagabearen deialdiak bere horretan jarraitzen du, eta asteburu honetan, azaroaren 16an eta 17an, hasiko da, futbolarien gehienek joan zen urriaren 22an hala erabaki zutenez", adierazi du Futbolarien Elkarteak.