Itxi

Futbola

Zozketa

Reala-Mirandes eta Athletic-Granada, finalerdietan

eitb.eus

Finalerdietako lehen partidak otsailaren 11an eta 12an jokatuko dira eta bueltako neurketak martxoaren 3an eta 4an.

  • Athletic eta Reala, finalerdietan

    Athletic eta Reala, finalerdietan. Argazkia: EFE

Athletic Club-Granada eta Real Sociedad-Mirandes izango dira Kopako finalaurrekoen bi kanporaketak, Las Rozaseko (Madril) Futbolaren Hirian ostiral honetan egin den zozketaren ondoren.

Finalerdietako joaneko partidak otsailaren 11n eta 12an jokatuko dira, San Mamesen eta Reale Arenan, eta itzulerakoak, aldiz, martxoaren 3an eta 4an, Granadan eta Mirandan. Finala apirilaren 18an izango da, Sevillako Cartuja estadioan.

Modu honetan, finalerdietarako sailkatu diren bi euskal taldeek finala elkarren kontra jokatzeko aukera izango dute, aurretik Granada eta Mirandes kanporatzen badituzte. Athleticek Bartzelona kanporatu zuen final laurdenetan (1-0, San Mamesen), eta Realak Real Madril (3-4, Santiago Bernabeun).

Athletic eta Reala faboritoak dira final hori jokatzeko, bai aurten egiten ari diren denboraldiagatik eta baita Kopan duten ibilbideagatik. Txuri-urdinek birritan irabazi dute Kopa, azken finala duela 32 urte. Mirandesek berak duela 15 urte Reala Kopatik kanporatu zuen, final-hamaseirenetan.

Talde zuri-gorriak beti izan du Kopa gustuko. Guztira 23 titulu ditu Athleticek, azkena 1984an, eta nahiz eta azken hamarkadan hainbat finalera heldu ez du berrito garaikurra altxatu.

FINALERDIAK

Joaneko partidak hilaren 11an eta 12an jokatuko dira.

Bueltako neurketak, martxoaren 3an eta 4an.

FINAL-LAURDENAK

Granada - Valentzia, 2-1

Mirandes - Vila-real, 4-2

Real Madril - Reala, 3-4

Athletic - Bartzelona, 1-0