Itxi

Futbola

Bundesliga

Bayern Munichek Bayer Leverkuseni irabazi dio eta liga eskura dezake datorren astean

Erredakzioa

Municheko taldeak 2-4ko emaitzarekin lortu du garaipena Leverkusenen. Borussia Dortmundek ere irabazi egin du Hertha Berlinen kontra (1-0), baina Bayernek 7 puntu ateratzen dizkio.

  • Robert Lewandowski

    Robert Lewandowski, Bayern Leverkuseni gola sartu ostean. Argazkia: EFE

Bayern Munichek 2-4ko emaitzarekin mendean hartu du Bayer Leverkusen Bundesligako 30. jardunaldiko partidan. Lidertza gehiago sendotzeaz gain, datorren astean liga irabazi dezake, bere neurketan garaipena lortuz gero, eta Borussia Dortmundek irabazten ez badu.

Izan ere, COVID-19 koronabirusaren pandemiak eragindako geldialdiaren ostean Bundesliga berriz martxan jarri zenetik, Bayern geldiezin dabil. Larunbat honetan denboraldi bikaina egiten ari den Bayer Leverkuseni nahiko eroso irabazi dio. Bayer Leverkusenek aurrea hartu du Lucas Alariok sartu duen golari esker (1-0), baina Comanek lehia berdindu du (1-1) 27. minutuan. Neurketako 42. minutuan Goretzkak 1-2koa egin du, eta, 46.ean Gnabryk sartu du 1-3koa. Gol festa horretan ezin zena faltatu Robbert Lewandowski zen, eta 1-4koa sartu du, 62. minutuan. Wirtzek emaitza txukundu du 2-4koa sartuz, 89. minutuan.

Borussia Dortmundek 1-0eko emaitzarekin lortu du garaipena Hertha Berlinen (9. postuan, 38 puntu) aurka, Emre Canen gol bati esker. Bayern Munichek (70 puntu), ordea, 7 puntu ateratzen dizkio Borussia Dortmundi (2. postuan, 63 punturekin), Bundesliga amaitzeko 4 jardunaldi falta direnean. Hala ere, Dortmundeko taldearentzat jardunaldi ona izan da Txapeldunen Ligara sailkatzeko aurrerapausoa eman baitu: Leipzigek (3. postuan, 59 punturekin) berdindu egin du (1-1) Paderborn (18. postuan, 20 punturekin) azken sailkatuaren aurka, Borussia Mönchengladbachek (4. postuan, 56 punturekin) 1-0eko emaitzarekin galdu zuen Friburgen (8. postuan, 41 punturekin) kontra, eta Bayer Leverkusenek (5. postuan, 56 punturekin) porrota jaso du liderraren aurka.

Bestalde, Fortuna Dusseldorfek (16. postuan, 28 punturekin) jaitsierako promozio postuan jarraitzen du Hoffenheimekin (6. postuan, 43 punturekin) bina (2-2) berdindu ostean. Mainz 05ek (15. postuan, 31 punturekin), aldiz, haizea hartu du Eintracht Frankfurti (11. postuan, 35 punturekin) irabazita (2-0).