Itxi

Futbola

Bundesliga

Borussia Dortmundek Bayern Munich jardunaldi honetan txapeldun izatea eragotzi du

Erredakzioa

Haalandek azken minutuan sartu duen gol bati esker lortu du garaipena Borussia Dortmundek Fortuna Dusseldorfen aurka (0-1). Bayernek irabazi egin dio Borussia Mönchengladbachi (2-1).

  • Haaland

    Haaland (Borussia Dortmund) Fortuna Dusseldorfi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Hiru jardunaldi bakarrik falta dira Bundesliga bukatzeko, eta gauza asko daude erabakitzeke. Bayern Munichek jardunaldi honetan txapeldun izateko aukera zuen, baina Borussia Dortmunden garaipenak eragotzi egin du. Datorren jardunaldian, Bayer Munich txapeldun izango da garaipena lortzen badu, edo Borussia Dortmundek irabazten ez badu.

Haalandek azken minutuan sartutako golari esker lortu du garaipena Borussia Dortmundek Fortuna Dusseldorfen aurka (0-1). Bayern Munichek 2-1 irabazi dio Borussia Mönchengaldbachi; ondorioz, Bayernek (73 puntu) zazpi puntu ateratzen dizkio Borussia Dortmundi (66 puntu). Bestalde, Borussia Mönchengladbach laugarren postuan da 56 punturekin, baina postua galdu lezake Bayer Leverkusenek (56 puntu) igandean jokatu behar baitu jardunaldi honetako neurketa. Fortuna Dusseldorfek, aldiz, jaitsierako promozio postuan jarraitzen du 28 punturekin, jaitsieran dagoen (17. postuan) Werder Bremenekin berdinduta. Izan ere, Werder Bremenek 1-5eko emaitzarekin hartu du mendean Paderborn azken sailkatua. Paderbornek 20 puntu ditu, zortzi puntura du jaitsierako promozio postua, eta miraria beharko luke mailari eusteko, nahiz eta averagea alde duen Dusseldorfekin.

Larunbat honetako beste partidei dagokienean, Wolfsburgek (6. postuan, 46 puntu) bina (2-2) berdindu du Freiburgekin (8. postuan, 42 puntu). Union Berlinek (13. postuan, 35 puntu) 1-2 irabazi dio Kölni (12. postuan, 35 puntu) eta mailari eusteko aurrerapauso garrantzitsua eman du. Hertha Berlinek 1-4ko emaitzarekin galdu du Eintracht Frankfurten aurka, eta biek 38na puntu dituzte, Berlingo taldea bederatzigarren elarik, eta, Frankfurtekoa hamargarren.

Ostiralean, Leipzigek Hoffenheimi irabazi zion (0-2); ondorioz, Leipzig hirugarren da sailkapenean 62 punturekin, eta, Hoffenheim zazpigarren 43 punturekin.