Itxi

Futbola

33. jardunaldia

Osasuna ilusioz bete da Ipuruan irabazita, eta ardura piztu dio Eibarri (0-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorritxoek 0-2 irabazi dute Ipuruan, eta gora begira jarri dira 44 puntu dituzte. Armaginek, aldiz, 35 punturekin, mailari eusteko lehian jarraitu beharko dute.

  • Osasunako jokalariak Ruben Garciaren gola ospatzen.

    Osasunako jokalariak Ruben Garciaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak, Ruben Garciak sartutako bi goli esker, irabazi egin dio Eibarri Ipuruan (0-2), eta ziurtzat jo dezake datorren denboraldian ere Lehen Mailan izango dela. Are gehiago, 44 puntu bildu dituela, Europako postuei begira jarri da, sei puntura baititu denboraldia amaitzeko bost jardunaldiren faltan.

Bestelako egoera dute armaginek, jaitsiera saihesteko borrokan jarraitu beharko baitute oraindik ere, galdu gabeko lau partiden bolada ona (tartean bi garaipen) eten ostean.

Bi euskal taldeen arteko derbia hasi eta bost minutura nafarrek markagailuan aurreratzea lortu dute geldikako jokaldi baten bidez. Ruben Garciak maisutasunez jaurti du areako marratik oso gertu zegoen falta bat, eta Dmitrovicen ahalegina ezerezean geratu da.

Handik gutxira, Pedro Leonek berdinketarako abagune ezin hobea izan du, David Garciak Herrera bere atezainari gaizki bidalitako baloi batean. Alabaina, Herrerak desorekatu egin du erdilari murtziarra, eta hark ezin izan du baloia modu egokian bideratu gorritxoen sarera barrura. Jose Luis Mendilibar etxekoen entrenatzaileak falta eta txartel gorria eskatu ditu jokaldi horrengatik, baina epaileak ez du inolako zigorrik adierazi.

Aukera hori gorabehera, Osasunak Eibarrek baino hobeto jardun du lehen ordu erdian. Gerora, gipuzkoarren ahaleginak heldu dira, baina Charlesen, Oliveiraren eta Edu Expositoren saiakerek ez dute eraginkortasunik izan, ezta gorritxoen aldetik Arnaizek eta Nacho Vidalek egindakoek ere.

Atsedenaldiaren ostean, ez dira gauzak aldatu, eta lehen aukera nafarren aldekoa izan da. Eibarrek ezin zuen jokoaren ekimena eskuratu, Osasunak parekatu egin baitu gipuzkoarren oldarkortasuna.

Horren aurrean, Mendilibarrek aldaketak egin ditu, baina Cardonak eta Arnaizek sortzen izan dute arriskurik handiena. Esaterako, Arnaizen erdiraketa batean, bigarrena egiteko parada izan du Ruben Garciak. Ez da orduko horretan iritsi, baina bai, ordea, minutu batzuk geroago kontraeraso eder batean. Roberto Torresek Carmonari bidali dio baloia jokoa aldatuta, eta hark erditik iritsi den Ruben Garciari eman dio pasea. Valentziarrak bikain gainditu du Dmitrovic.

0-2ko horren aurretik, Sergio Herrerak 1-1ekoa eragotzi du, Kike Garciaren erremate indartsu batean, eta hortxe amaitu zaizkio Eibarri norgehiagokan zehar izan dituen aukera apurrak.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmitrovic, Correa (Inui, 73. min), Paulo Oliveira, Bigas, Cote, Pedro León (Marí, 85. min), Cristóforo (Pape Diop, 59. min), Edu Expósito, De Blasis, Charles (Sergi Enrich, 59. min) eta Kike García (Quique González, 84. min).

2 - Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Aridane, David García, Lato, Roberto Torres, Moncayola (Iñigo Pérez, 88. min), Oier, Rubén García (Brasanac, 77. min), Arnáiz (Kike Barja, min. 77) eta Enric Gallego (Cardona, 52. min).

Golak: 0-1, 6. min: Rubén García. 0-2, 74. min: Rubén García.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Correa (Eibar); Enric Gallego (Osasuna).