Publizitatea
Itxi

2021/06/16

23:10

Futbola

EURO 2020 (A multzoa)

Italiak erakustaldia eman du Suitzaren aurka eta final-zortzirenetara sailkatu da

A. B. E. | EITB Media

Talde italiarrak 3-0eko emaitzarekin irabazi dio Suitzari Eurokopako A multzoko bigarren jardunaldiko partida. Mancinik zuzentzen duen selekzioak bermatuta du final-zortzirenetarako txartela.

  • Manuel Locatelli

    Manuel Locatelli, Suitzaren aurka bi gol sartu dituen Italiako jokalaria. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Italiak Eurokopako final-zortzirenetarako txartela lortu du, Suitzaren aurka garaipena erdietsita (3-0) asteazken honetan Erroman jokatu den A multzoko bigarren jardunaldiko partidan.

Bi jardunaldi jokatu ostean, italiarrak daude A multzoko buruan 6 punturekin, Gales da bigarren 4 punturekin, Suitza hirugarren postuan da puntu bakarrarekin eta Turkia dago azken postuan, oraindik punturik lortu gabe.

Bizi ekin dio neurketari Suitzak, baina ez dio Italiari minik egin eta lehen bost minutuen ostean Mancinik zuzentzen duen taldea egin da baloiaren jabe. Talde italiarrak seigarren minutuan izan du lehen abagunea, Sommer atezainak gelditu duen Berardiren errematearen bidez. Lau minutu beranduago Immobilek ezin izan du errematea sare barrura bidali. Ekinean jarraitu du Italiak, eta 19. minutuan Chiellinik gola sartu du, nahiz eta epaileak baliogabetu egin duen, jokalari italiarrak baloia eskuarekin jo baitu errematea egin aurretik. Norgehiagokako 24. minutuan Chiellinik min hartu du, eta ezin izan du zelaian jarraitu. Roberto Mancini hautatzaileak Acerbi zelairatu du kapitainaren ordez. Aldaketa egin eta bi minutu beranduago, 26.ean, Locatellik gola sartu du (1-0) Italiari merezi zuen saria emanda. Jokaldi bikaina egin dute italiarrek, Berardik erdiratu, eta Locatellik ez du barkatu Somer atezainaren aurrean.

Neurketako lehen golaren ostean, Italiako selekzioak jaun eta jabe izaten jarraitu du. Sommerrek lan eskerga izan du gaur, eta aurkariaren gola eragotzi du 33. minutuan, Immobileren jaurtiketa desbideratuta; aldaratzea Insignek jaso du, eta haren jaurtiketa Akanjik atera du atepetik. Atsedenaldira iritsi aurretik beste bi abagune argi izan ditu Italiak: Spinazzolaren jaurtiketa gurutzatuegi kanpora Joan da 37. minutuan, eta Sommerrek gola eragotzi du beste behin, Insigneren jaurtiketa desbideratuta.

Bigarren zatian ez da partidako gidoia aldatu. Italia erabat nagusi izan da. Gauzak horrela, Locatellik 2-0ekoa jarri du markagailuan, area kanpotik jaurti eta Sommer atezaina gaindituta.

Guztiz bideratuta utzi du garaipena Locatelliren bigarren golak. Suitza ezinean ibili da norgehiagoka guztian zehar, baina abagune ona izan du 64. minutuan; suitzarrek jokaldi ona egin dute, baina Zuberren jaurtiketa Donarumma atezainak gelditu du. Jarraian, Berardik izan du hirugarren gola sartzeko aukera eta Immobilek ere ezin izan du Sommer gainditu 73. minutuan.

Partida ia erabakita egon den arren, Italiak erasora jotzen jarraitu du, eta Immobilek italiarren erakustaldia biribildu du, gola sartu (3-0) eta garaipena ziurtatuz.

Fitxa teknikoa:

3. Italia: Donnarumma; Di Lorenzo, Bonucci, Chiellini (Acerbi, 24. min), Spinazzola; Barella (Cristante, 86. min), Jorginho, Locatelli (Pessina, 86. min); Insigne (Chiesa, 69. min), Berardi (Toloi, 69. min), Immobile.

0. Suitza: Sommer; Elvedi, Akanji, Schar (Zuber, 58. min); Mbabu (Widmer, 58. min), Freuler (Sow, 84. min), Xhaka, Rodriguez; Shaqiri (Vargas, 76. min); Seferovic (Gavranovic, 49. min), Embolo.

Golak: 1-0, 26. min: Locatelli; 2-0, 50. min: Locatelli; 3-0, 89. min: Immobile.

Epailea: Sergej Karatsev (Errusia). Txartel horriak atera dizkie Gavranovic (49. min) eta Embolo (79. min) Suitzako jokalariei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;