Futbola
Alvaro Cervera ordezkatu du
Sergio Gonzalez, Cadiz taldeko entrenatzaile berria
EITB Media
Klubak Alvaro Cervera entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du eta Sergiok zuzenduko du taldea denboraldi amaierara arte.
-
Sergio Gonzalez Cadizen entrenamendua zuzentzen. Argazkia: @Cadiz_CF
Sergio Gonzalez da Cadiz taldeko entrenatzaile berria denboraldi amaierara arte, kontratua berritzeko aukera izango duelarik helburuak betez gero, klubak astearte honetan (urtarrilak 11) jakinarazi duenez. Cadizek Alvaro Cervera kargugabetzea erabaki du goizean, taldeak lortutako emaitza txarren ondorioz.
Gonzalezek 45 urte ditu eta talderik gabe zegoen, 2020-2021 denboraldiaren amaieran SmartBank Ligara jaitsi zen Valladolid utzi ostean. Ezin izan zion mailari eutsi Gaztela eta Leongo taldearekin.
Debuta egingo du Sergiok Cadizeko entrenatzaile karguan urtarrilaren 15ean (larunbata) Sportingen aurka Molinonen, Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketan. Santander Ligan urtarrilaren 18an estreinatuko da Espanyolen aurka, etxean, Mirandilla Berria estadioan.
Cadiz Santander Ligako sailkapeneko azken-aurreko postuan (19.) dago 14 punturekin, eta 20. jardunaldi jokatu ostean lau puntura du salbazioa.