Itxi

Futbola

Negreira auzia

Tebas: "Laportak ez du ezer argitu. Ulertezina da epaileen presidenteordeari hainbat urtez ordaintzea"

EITB MEDIA

Ligako presidentearen arabera, “klub gehienek” ez dituzte ulertzen Bartzelonak Enriquez Negreirari egindako ordainketak, azken hori Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteordea zen garaian. Ligak Ezohiko Batzarra egin du asteazkenean auziaz aritzeko.

  • Javier Tebas Ligako presidentea, asteazkenean. Argazkia: EFE.

    Javier Tebas Ligako presidentea, asteazkenean. Argazkia: EFE.

Javier Tebas Ligako presidenteak asteazkenean esan duenez, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak "ez du ezer argitu" Kataluniako klubak Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteorde ohiari egindako ordainketen gainean. Tebasen esanetan, "klub gehienek" ez dituzte ulertzen Negreira kargu horretan zegoela Bartzelonak egindako ordainketa horiek. Ligak Ezohiko Batzordea egin du Madrilen, Negreira auzia hizpide.

"Gure iritziz, emandako azalpenak ez dira argi geratu. Nik neuk esan diot, ulertezina baita Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteordeari hainbeste ustez ordainketak egin izana. Klub gehienek esan dute ez dela normala, ordainketa horiek ez direla zuzenak eta ikertu beharra dagoela", adierazi du.

Horren arabera, batzarrean "errespetua eta edukazioa izan dira nagusi", ez baita zertan "galdeketa" egin. Laportak argudiatu omen du Bartzelonaren asmoa ez zela "epaileak erostea edo eragina izatea". "Berak uste du argi dagoela, eta guk, hitza hartu dugunok, aldiz, uste dugu ezetz, ez dagoela argi", nabarmendu du. Laportaren hitzetan, Jose Angel Sanchez Real Madrileko zuzendari nagusiak, alegia, Madrilgo taldea ordezkatu duen agintariak, ez du hitza hartu, eta klub batek ere ez du eskatu Laportak dimisioa ematea.

Ligako presidenteak ez du uste erosketa izan denik, baina, horren iritziz, badago zantzurik pentsatzeko Bartzelonak eraginen bat izan nahi zuela. "Ez da gauza puntuala, 18 urte izan dira eta hainbat presidente izan dira tartean. Gure inguruetan kritika maila murriztea akatsa litzateke. Jendeak, egun, nahi du erakundeek ustelkeriako edozein zantzuren aurka borrokatzea, hori ikertzea, ez estaltzea eta mahai azpian sartu", gehitu du.

Bitartean, Bartzelonak oharra zabaldu du, adierazteko "Lehen eta Bigarren Mailako klubek izan ahal dituzten zalantza guztiei" epaitegian emango diela erantzuna.

Halaber, Bartzelonak eta Real Madrilek, azken bi egunetan, elkarri egotzi diote Francoren erregimenaren taldea izatea. Horren harira, Tebasek zehaztu du eztabaida horrek "funtsezko gaietatik" aldendu egiten duela arreta.