Itxi

Futbola

SARREREN BANAKETA

Osasunak eta Real Madrilek desberdin banatu dituzte Kopako finalerako sarrerak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Osasunak bere bazkideak lehenetsi ditu, hau da, eskaera egin duten 19.208 bazkideak finalean egongo dira. Aldiz, klub zuriak, bazkide gehiago izan arren, 16.555 sarrera bideratu dizkie.

  • Osasunako zaleak

    Osasunako zaleak

Osasunak eta Real Madrilek 20.500 sarrera zituzten bakoitzak maiatzaren 6an Sevillako Cartujan jokatuko den Kopa finalerako, eta klubek desberdin banatu dituzte sarrera horiek.

Osasunak bere bazkideak lehenetsi ditu, eta talde nafarraren historiako Kopako bigarren finalera joan ahal izatea ziurtatu die. Horrela, eskaera egin duten 19.208 bazkideak Cartujako finalean egongo dira, baita beste 350 jarraitzaile ere. Beraz, talde gorritxoak sarreren % 95 bere masa sozialari bideratu dio. Gainerako sarrerak klubaren konpromisoetarako dira, baina ikusteko dago zein izango den azken banaketa zehatza.

Real Madrilek, aldiz, 16.555 sarrera bideratu ditu bazkideentzat, hau da, Espainiako Futbol Federazioak emandako 20.438 sarreretatik % 81. Beste 3.883 sarreretatik 1.100 baino gehiago lehen taldeko kideentzat dira, hala nola, jokalarientzat, teknikarientzat eta medikuentzat. 340 sarrera Zuzendaritza Batzordearentzat dira, eta gainerakoak klubaren beste konpromiso batzuetarako.

Klub zuriak Osasunak baino bazkide gehiago ditu, eta jasotako 39.000 eskaeren artean 16.500 zozkatu ditu.

Finalistek Sevillako Cartujaren sarreren % 40 lortu zuten bakoitzak, Federazioak milaka sarrera lagatzearen truke.