Itxi

Osasuna

Finala, maiatzaren 6an

David Garciari ebakuntza egingo diote sudurrean finala jokatuta, eta Chimy Avila Cartujan izateko lanean dabil

EITB MEDIA

Osasunako kapitainak, asteartean, Cadizen aurkako partidan, luxazioa jasan zuen sudur trenkadan, eta maiatzaren 6ko partida erabakigarriaren ostean egingo diote ebakuntza. Aurrelari argentinarrak, aldiz, mina nabaritu zuen soleoan, beroketa ariketak egiten ari zirela.

  • David Garcia, Kopan Betisen aurka sartutako golaren ostean. Argazkia: EFE.

    David Garcia, Kopan Betisen aurka sartutako golaren ostean. Argazkia: EFE.

Osasunak garaipen bikaina lortu zuen asteartean Nuevo Mirandilla futbol zelaian, Cadiz 0-1 menderatuz, baina norgehiagokak bi albiste kezkagarri ekarri zizkion Nafarroako klubari: bata da David Garcia kapitainak sudurrean jasotako kolpea (atzelariak, tarte batez, berdegunetik irten behar izan zuen), eta bestea, ordea, Chimy Avilak partida hasi baino lehen soleoan nabaritutako mina, taldea berotze ariketak egiten ari zela (aurrelari argentinarrak, ondorioz, ezin izan zuen hamaikakoan sartu, eta deialditik at geratu zen); bada, asteazkenean jakitera eman dutenez, David Garciari Kopako finalaren ostean egingo diote ebakuntza sudurrean (finala maiatzaren 6an jokatuko dute), eta Chimy Avilak gimnasioan lan egin du, Taxoaren, Real Madrilen aurkako hitzordu historikoan jokatzeko moduan izateko planaren barnean.

Testuinguru horretan, David Garciak luxazioa du sudur trenkadan, eta tratamendu kirurgikoa jaso beharko du; hori bai, tratamendu hori atzeratu ahal da. Jokalari iruindarrak 72 ordu emango ditu geldirik, eta aztertuko dute zein bilakaera duen. Cadizen kontrako norgehiagokan, zelaia utzi behar izan zuen, luzapenean, Iker Muñozekin talka egin ostean, baloia aldentzen saiatzen ari zirela; Osasunako kapitaina, baina, zelaira bueltatu zen, profesionaltasun handia erakutsita, etxeko taldearen azken erasoei aurre egite aldera.

Chimy Avila, berriz, azken orduko baja izan zen, neurketa hasteko minutu gutxi geratzen zirela hain zuzen. Berotze ariketak egiten ari zirela, mina izan zuen soleoan, eta erabaki zuten argentinarrak ez jokatzea; martxoaren 19an Vila-realen aurkako partidan lesionatu zenetik, Ligan lehen aldiz jokatzekoa zen. Asteazkenean, tratamendua egin diote, eta gimnasioan aritu da; Kopako finalerako hamar egin geratzen direla, ez dago argi jokatzeko moduan izango den ala ez. Bigarren aldiz berrerori da, eta soleoak pazientzia eskatzen du, sendatzeko.

Finala jokatu baino lehen, Osasunak bi partida ditu: ostiralean, 21:00etan, Sadarren, Realaren aurka (21:00etan), eta datorren asteartean, maiatzak 2, Camp Noun, Bartzelona aurkari (19:30ean).