Itxi

Futbola

19:15ean

Reala eta Alaves hiru puntuen bila, urteko lehen euskal derbian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Donostiako taldea Europako postuei eusten ahaleginduko da; Alaves, berriz, azken partidetako bolada txarra iraultzen saiatuko da Reale Arenako neurketan.

  • Realaren eta Alavesen arteko derbi baten artxiboko irudia

    Realaren eta Alavesen arteko derbi baten artxiboko irudia. EFE

Realak eta Alavesek urteko lehen euskal derbia jokatuz ekingo diote 2024 urteari, astearte honetan Reale Arenan, 19:15etatik aurrera, LaLiga EA Sportseko 19. jardunaldian.

Bi taldeek helburu desberdina dute jomugan, baina hiru puntuen bila zelairatuko dira. Donostiako taldeak Europako postuetan jarraitu nahi du, Txapeldunen Ligarako bidea emango liokeen tokietatik aldendu gabe. Alavesek, ordea, azkenaldiko bolada txarrarekin amaitu nahi du; izan ere, azken hiru neurketak galtzeaz gain, ez du golik sartzea ere lortu.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak garbi du ez dela erronka erraza izango, babazorroek trantsizioetan arrisku handia sortzen dutela argudiatuta. Elustondo izan ezik, jokalari guztiak jokatzeko prest daudela ere argitu du.


Hori bai, astearteko derbiaren ostean, Hamari Traore, Sadiq Umar eta Take Kubo baja izango dira Afrikako eta Asiako Kopa jokatzeko deitu dituztelako, nork bere selekzioarekin.

Bi taldeek jokatutako azken hamar partidetan, Realak sei irabazi ditu eta Alavesek bi; beste bietan, berriz, berdinketarekin amaitu zuten. 

Alaves azkenaldian bizitako bolada txarra hausteko asmoz joango da Donostiara. Bitxikeria gisa, kontuan hartu beharra dago gaur egun Alavesen jokatzen duten zenbait jokalari Lehen Mailan debuta egiteko aukera eman zien taldearen zelaira itzuliko direla: Xeber Alkain, Jon Karrikaburu, Alex Sola, Ander Guevara, Jon Guridi, Andoni Gorosabel eta Jesus Owono. Halaber, Giuliano Simeone aurrelaria deialdian sartu da lehen aldiz denboraldi honetan, udan Burgosen kontrako lagunarteko batean larri lesionatu ostean.

Luis Garcia Plaza entrenatzaileak onartu du Reala talde izugarria dela. Dena den, taldeak ondo lehiatzea espero du, Reale Arenatik punturen bat etxeratzeko.