Itxi

Reala

21:00ETAN

Reala, Valladoliden aurkako partidari begira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donostiarrek gaur gaueko Ligako norgehiagokan jarri nahi dute arreta, asteazkenean Mirandesen aurka jokatuko duten Kopako hitzorduaren zain.

  • Mikel Merino, Valladoliden aurkako lehen itzuliko neurketan.

    Mikel Merino, Valladoliden aurkako lehen itzuliko neurketan. Argazkia: EFE.

Realak arreta guztia dauka jarrita gaur gauean Valladoliden aurka Reale Arenan jokatu beharreko neurketan, datorren asteazkenean Mirandesekin duen Errege Kopako finalerdietako itzuliko erabakigarria noiz iritsiko zain.

Hartara, etxean jarraian lortutako garaipenen marka berria ezartzen saiatuko dira txuri-urdinak. Izan ere, dagoeneko sei erdietsi dituzte bata bestearen atzetik Liga eta Kopa txapelketak kontuan hartuta, eta, era horretan, 94/95 denboraldian Javier Iruretaren agindupean lortutakoa berdindu dute donostiarrek.

Gainera, oso bolada gozoa ari dira igarotzen aurkarien ateari begira, 12 gol sartu baitituzte azken lau neurketetan, Valentzia, Athletic edota Real Madril bezalako talde zailen aurrean.

Imanol Alguacilek jokatzeko prest izango du Cristian Portugal "Portu", aurreko jardunaldian txartelengatiko zigorra bete ostean. Horrek zalantza zabaldu du aurrealdean, Murtziako jokalaria Adnan Januzaj belgikarrarekin lehiatuko baita hasierako hamaikakoan ateratzeko asmoz. Joan zen astean, Januzajek bikain baliatu zuen Porturen hutsunea, neurketa bikaina jokatu eta jardunaldiko gola erdietsi baitzituen.

Gainerako lerroetan ez da aparteko aldaketarik espero. Dena dela, Kopako finalerdia ate joka egoteak zelai erdian aldaketaren bat egitera bultza dezake Orioko entrenatzailea eta, hala, Martin Odegaard edota Mikel Merinori atsedenaldia ematea erabaki.

Alguacilek erasoko jokalari guztiak gertu ditu, Ander Barrenetxeak senda-agiria jaso baitu, eta, ondorioz, 2020an ikusgarri dabilen Alexander Isaki, Willian Jose brasildarrari eta Oyarzabali batu zaie.

Bestalde, Sergio Gonzalez Valladolideko entrenatzaileak Nacho eta Joaquin berreskuratu ditu, bere jokalaririk garrantzitsuenetako bi, zenbait aste min hartuta ibili ostean.

Valladolidekoen helburua denboraldi bikaina egiten ari den eta argudio asko dituen aurkari baten jokamoldea zapuztea izango da.

"Atzerantz korrika egin dezatela behartu behar ditugu, erasorako joera duten taldeei kosta egiten baitzaie zeregin horietan aritzea. Horrez gain, trantsizioei arreta handia jarri behar diegu, haiek gol asko sartzen dituztelako era horretan. Gainera, Oyarzabalek eskain dezakeen bat-baten kontrakoak ekidin behar ditugu, baita Merino, Odegaard, Portu edo William Joseren maila teknikoa ere", ohartarazi du Sergio Gonzalezek.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Merino, Odegaard, Portu, Isak eta Oyarzabal.

Valladolid: Masip. Moyano, Kiko Olivas, Salisu, Raul Carnero, Oscar Plano, Alcaraz, Michel, Toni Villa, Guardiola eta Ünal.

Epailea: Pizarro Gomez.

Futbol-zelaia: Reale Arena.

Ordua: 21:00.