Publizitatea
Itxi

2020/07/02

21:06

Reala

33. jardunaldia

Markagailua irauli eta garaipena lortu du Realak Espanyolen aurka (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Willian Josek eta Isakek bigarren zatian sartutako golei esker irabazi dute txuri-urdinek, eta zazpigarren postuan jarraitzen dute

  • Isakek sartu Realaren garaipenaren gola.

    Isakek sartu Realaren garaipenaren gola. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Reala estu eta larri ibili da ligako azkena den Espanyoli irabazteko (2-1), azken horrek asko zaildu baitizkio gauzak minutu askotan, baina William Josek eta Alexander Isakek bigarren zatian erdietsitako golek markagailua irauli dute, eta geldialdiaren ostean lehen garaipena ekarri diote txuri-urdinei.

Donostiako taldeak ondo hasi du lehia, duela hilabete batzuk txapelketako talderik erakargarrienetako bat bihurtu zuen antzeko jokoarekin. Hala, gola ere lortu du aurkariaren ate ingurura egindako lehendabiziko hurbilketetako batean, Willian Joseren burukada ederraren bidez. Aitzitik, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo egoteagatik.

Horren aurrean, Espanyolek erreakzionatu egin du, jakin baitzekien mailari eusteko zituen aukera apurrei eutsi nahi izatekotan, Donostian irabazi behar zuela, eta gola erdietsi du erasora jo duten lehendabiziko saiakeran. Rufeteren mutilek korner bat atera dute, etxekoek ondo urrundu ez dutena, eta baloia Embarbari iritsi zaio. Haren erdiraketa zehatzak aurkariz inguratuta zegoen David Lopezen burukada ahalbidetu du, eta Realaren atepera bueltatu den Moyak ezin izan du ezer egin.

Espanyolek zain eta muin defendatu du bere aldeko abantaila. Jokoaren ekimen guztia Realari utzi dio, baina gipuzkoarrek ez zuten asmatzen berdinketaren gola lortzeko bidean. Dena dela, lehen zatiaren ordu erdia bete denean, Januzajek erdiratutako baloia langara errematatu du buruz Llorentek.

Donostiarrak zorterik gabe dabiltza lesioekin denboraldi amaiera honetan. Gaurkoan, azken partidetako jokalaririk onena izandako Januzaj belgikarrak utzi behar izan du zelaia min hartuta. Haren ordez, Martin Odegaard sartu da, kili-kolo dabilen beste jokalari bat.

Horrenbestez, neurketak ez zuen itxura onik Realarentzat, baina bigarren zatian gora egin du bere jokoak Odegaardekin eta Oyarzabalekin. Azken horrek, 56. minutuan, ezin hobeto erdiratu du baloia ezkerraldetik, eta bigarren zutoinetik agertu den William Josek baloia sare barruan jarri du. Hamargarren gola du brasildarrak denboraldi honetan.

Berdinketak ez zion bi taldeetako inori balio, beraz, partida ireki egin da, eta bisitariek gertu izan dute 1-2koa Raul de Tomasen erremate batean, Moyak larri gelditu duena. Txuri-urdinek ere arriskua eraman dute Diego Lopezen inguruetara, eta Monrealek abagunea izan du amaierarako hamabost minuturen faltan.

Hala ere, garaipenaren gola apur bat geroago erdietsi dute Imanol Alguacilen mutilek. Orioko entrenatzaileak asmatu egin du norgehiagokaren azken txanpan egindako aldaketekin, eta Isaken parte-hartzea erabakigarria izan da. Berak hasi du jokaldia zelai erdian. Baloia area barruan zegoen Oyarzabali heldu zaio, eta hark bularrez, nahita edo nahi gabe, suediarrari utzi dio. Aurrelariak jaurtiketa bortitz batekin zulatu du Diego Lopezen atea.

Fitxa teknikoa:

2 - Real Sociedad: Moya, Zaldua (Aritz, 81. min), Llorente, Le Normand, Monreal, Januzaj (Odegaard, 45. min), Zubeldia (Zubimendi, 46. min), Merino, Oyarzabal, Willian José (Isak, 81. min) eta Portu.

1 - Espanyol: Diego López, Víctor, Bernardo, Cabrera, Didac Vila, Melamed (Darder, min. 46), Roca, David López (Calleri, 82. min), Melendo (Wu Lei, 59. min), Embarba (Víctor Sánchez, 82. min), De Tomás (Campuzano, min. 89).

Golak: 0-1, 10. min: David López. 1-1, 56. min: William José. 2-1, 84. min: Isak.

Epailea: Sánchez Martínez. Txartel horiak: Zubeldia (Reala);  Melamed (Espanyol).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena