Itxi

Reala

Errege Kopa

Reala, Errege Kopatik kanpo Betisen aurka porrota jaso ostean

A. B. | EITB Media

Talde txuri-urdinak 3-1eko emaitzarekin galdu du Errege Kopako final-zortzirenetako partida. Luzapenean erabaki da neurketa. Epailearen erabaki batzuek polemika sortu dute.

Betis - Reala partidaren golak (3-1)

Realak porrota jaso du Betisen aurka (3-1) Errege Kopako final-zortzirenetan, eta txapelketatik at geratu da. Epaileak Illarramendi egotzi du bigarren zatiaren hasieran, falta eztabaidagarri baten ostean bigarren txartel horia aterata, eta horrek neurketa baldintzatu du, nahiz eta Betis ere hamar jokalarirekin geratu den geroago.

Betisek erasokor ekin dio norgehiagokari, eta 9. minutuan abagunea izan du; Fekirrek erdiratu, eta Remiro atezainak huts egin du baloiaren bila atera denean, baina inor ez da errematea egitera iritsi. Lau minutu geroago, 13.ean, Realak gola egin du, sortu duen lehen arrisku jokaldian: Gorosabelek pasea eman, eta Oyarzabalek 0-1ekoa sartu du, erremate on bati esker Joel atezaina gaindituz.

Talde txuri-urdinaren golaren ondoren, Betis izan da baloiaren jabe. Pellegriniren taldea saiatu da erasora jotzen, baina Realak defentsako lan bikaina egin du, eta talde andaluziarra ez da abagunerik sortzeko gai izan.

Bigarren zatiaren hasieran, Reala jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Mateu Lahoz epaileak Illarramendi egotzi baitu, bigarren txartel horia aterata, Sidneiri ustez egindako falta batengatik. Ondoren, Remiro atezainak Betisen gola eragotzi du; Telloren jaurtiketa gelditu du, baloia area barruan solte geratu da, eta Lainezen erremateari erantzun bikaina eman dio.

Hamar jokalarirekin egon arren, Realak ere izan ditu abaguneak. Kontraeraso baten bidez arriskua sartu du talde gipuzkoarrak 60. minutuan, baina Portu ez da errematea egitera iritsi, Oyarzabalen pasearen ostean. Bi minutu geroago, abagune argiagoa izan du Portuk berak, baina Joel atezainak gola eragotzi du, gelditu bikaina eginda.

Betis erasora jo eta jo ibili da, baina Realak ez dio zirrikiturik utzi eta asko kosta zaio Remiro atezainak babestutako ate inguruan arriskua sortzea. Neurketako 75. minutuan, Sevillako taldea hamar jokalarirekin geratu da, Sanabriak txartel gorria ikusi baitu, txilenaz errematatzerakoan joko arriskutsua egin baitu. Hiru minutu geroago, ordea, Canalesek area kanpoan baloia jaso, jaurtiketa ona egin, eta banakoa jarri du markagailuan (1-1).

Neurketako azken txanpan, 87. minutuan, Remiro atezainak Betisen gola eragoztea lotu du William Carvalhoren errematea desbideratuta. Bikain ibili da atezain txuri-urdina. Lau minutu geroago, Realak jokaldi ona egin du hegaletik, Betiseko defentsa batek baloia aldendu du, eta Merquelanzek kanpora bidali du jaurtiketa. Jarraian, etxeko taldearen erantzuna etorri da; Canalesen erdiraketa ona, eta Joaquinek atepean egin duen errematea kanpora joan da. Azken abagune horren ostean, ez da gehiagorako denborarik egon, partidako arauzko dendora agortu baita.

Bizi ekin dio Realak luzapenari, eta abagune bikoitza izan du; Joel atezainak, ordea, birritan eragotzi du gola, txuri-urdinen jaurtiketak desbideratuta. 96. minutuan, Rodrik pase luzea eman dio Borja Iglesiasi, Betiseko aurrelariak kontrol bikaina egin, eta 2-1ekoa sartu du Remiro atezaina gaindituta.

Betisen golarekin maldan gora jarri zaio partida Realari. Gainera, luzapeneko lehen zatia amaitu aurretik, Betisek hirugarren gola sartzeko abagune ona izan du, baina William Carvalhoren jaurtiketa kanpora joan da.

Partidako 110. minutuan izan du Realak neurketa berdintzeko aukera, baina Januzajen jaurtiketak ez du aurkariaren atea aurkitu. Ia jarraian, Joaquinek falta bat atera, eta Borja Iglesiasek sare barrura errematatu du (3-1).

Etxeko taldearen hirugarren golaren ostean, ia ezinezkoa zuen Realak emaitza iraultzea. Januzajek baloia sare barrura bidali du, baina belgikarra jokoz kanpo zegoen, eta epaileak baliorik gabe utzi du gola. Ondorioz, Reala galtzaile atera da (3-1) eta Betisek eskuratu du final-laurdenetarako txartela.

Fitxa teknikoa:

3 - Betis: Joel Robles; Montoya (Emerson, 106. min), Mandi, Sidnei (Victor Ruiz, 56. min), Alex Moreno; Canales, Paul (Borja Iglesias, 85. min); Lainez (Joaquín, 67. min), Fekir (William Carvalho, 85. min), Tello (Rodri, 67. min); eta Sanabria.

1 - Reala: Remiro; Gorosabel (Barrenetxea, 85. min), Aritz Elustondo (Carlos Fernandez, 91. min), Le Normand, Monreal; Illarramendi, Guridi (Zubeldia, 66. min), Merino; Portu (Januzaj, 85. min), Oyarzabal (Zubimendi, 64. min) eta Isak (Merquelanz, 64. min).

Golak: 0-1, 13. min: Oyarzabal. 1-1, 78. min: Canales. 2-1, 96. min: Borja Iglesias. 3-1, 111. min: Borja Iglesias.

Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz. Bi txartel hori aterata egotzi du Asier Illarramendi (26 eta 47. min) Realeko jokalaria. Sanabria Betiseko jokalariari txartel gorria atera dio (75. min). Gainera, txartel horiak atera dizkie Sanabria (12. min), Lainez (30. min) eta Victor Ruiz (118. min) Betiseko futbolariei, baita Le Normand (110. min) Realeko jokalariari.