Itxi

Reala

Santander Liga

Mikel Oyarzabalen golak bigarren jarri du Reala

EITB MEDIA

Talde txuri-urdinak 1-0 irabazi dio Elxi, partida oso parekatuan, eta Real Madrilen atzetik jarri da sailkapenean.

0
Mikel Oyarzabal

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak osteguneko Europa Ligako partida buruan duela egin dio aurre Santander Ligako zazpigarren jardunaldiari, eta hainbat aldaketa egin ditu Elxen aurkako neurketan.

Remiro bueltatu da atera, Gorosabel eta Zubeldia defentsa lerroan izan dira, zelai erdian Zubimendi eta Turrientes, eta aurrealdean Lobete gaztea jarri ditu Imanolek, baina Mikel Oyarzabalek egindako gol batek etxean utzi ditu hiru puntuak partida parekatuan.

Talde donostiarra izan da baloiaren jabe hasiera-hasieratik, eta Beñat Turrientes debutariak izan du lehen gol abagunea seigarren minutuan, jaurtiketa area kanpotik eginda, baina Casillak gelditu egin du.

Realak ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera mugitu du baloia zuloen bila, baina Elx ondo jarrita egon da berdegunean. 21. minutuan, Elxen aurreneko abagunean, Mojica gola egiteko zorian egon da; 30.ean, kontraerasoan, Lucas Perezek zutoin ondotik bota du baloia; eta 39. minutuan, Piattik oso urrunetik jaurti du, eta Remirok bularrarekin aldendu behar izan du.

Baloiaren jabetza txuri-urdinena zen, baina aukera garbienak gaur beltzez jantzita jokatu duten zuri-berdeek izan dituzte.

Bigarren zatiak ez du aldaketarik ekarri. Agintzen atera dira Imanolen gizonak. 47. minutuan, Lobete gazteak lehen aukera izan du, baina errematea kanpora joan da. 

52. minutuan, Oyarzabalek bi aukera izan ditu gola sartzeko, baina kapitainak bietan egin du kale; Lobetek berea izan du bi minutu geroago, baina aurrelariak berriro huts egin du.

Realak gola merezi izan du lehen minutu horietan.

Elxen lehen aukera Piattiren jaurtiketarekin heldu da 72. minutuan, baina Remirok oso ondo erantzun du baloia kornerrera bidalita.

Eta puntu banaketa izango zela zirudienean, Elxen hutsa defentsan Mikel Oyarzabalek aprobetxatu du 1-0ekoa jartzeko partidako 80. minutuan. Talde txuri-urdina   Real Madrilen atzetik jarri da sailkapenean, bi puntura besterik ez.

FITXA TEKNIKOA

1.- Reala: Remiro; Gorosabel, Le Normand, Zubeldia, Muñoz (Romero, 73. min); Zubimendi, Merino (Aritz, 90. min), Turrientes (Guevara, 82. min), Oyarzabal (Valera, 82. min); Januzaj (Portu, 73. min) eta Lobete.

0.- Elx: Casilla; Palacios, Roco, Diego González, Mojica; Piatti (Morente, 76. min), Mascarell, Raul Guti (Gumbau, 66. min), Fidel (Pastore, 86. min); Lucas Perez (Carrillo, 66. min) eta Benedetto (Pere Milla, 76. min).

Gola

1-0, Mikel Oyarzabal (80. min)

Beñat Turrientes

Beñat Turrientesek debuta egin du