Itxi

Reala

Anoetan

Porrota etxean Vila-realean aurka, Oyarzabalek txartel gorria ikusi duen partidan (1-3)

Agentziak | EITB MEDIA

Isakek aurretik jarri ditu donostiarrak gol ikusgarri batekin, baina Gerard Morenoren biek eta Chukwuezeren beste batek garaipena eman diote Unai Emeryren taldeari.

0
Reala vs Vila-real: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Realak ezin izan dio Vila-reali irabazi, LaLiga Santanderreko 18. jardunaldiko partidan. Unai Emeryren taldeak merezita eraman du garaipena, Gerard Morenok eta Chukwuezek egindako golei esker (1-3).

Partidak denetarik izan du, joko ona tarteka, lehen zatian bereziki. Realak aurrea hartu du markagailuan, Alexander Isakek egindako gol ikusgarriarekin. Baina pozak gutxi iraun du Anoetan, eta defentsan egindako hutsek Gerard Morenok banakoa egitea ahalbideratu dute, atsedenaldira iritsi aurretik.

Bigarren zatian, Mikel Oyarzabali txartel gorria atera dio epaileak, Yeremiri egindako sarrera itsusiaren ondorioz. Hortik aurrera, gauzak alde jarri zazikio Vila-reali, eta egoera ondo aprobetxatu dute. Morenok bigarren gola egin du eta, luzapenean, hirugarrena iritsi da Samuel Chukwueze nigeriarraren eskutik.

Emeryren taldeak lehen garaipena lortu du etxetik kanpo. Gipuzkoarrek, berriz, etxeko partidak aurrera ateratzeko arazoekin jarraitzen dute.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Ryan; Zaldua, Zubeldia (Sorloth, 81. min), Le Normand, Aihen Muñoz (Rico, 81. min); Merino (Elustondo, 64. min), Zubimendi, Silva (Barrenetxea, 51. min); Oyarzabal, Isak eta Januzaj (Portu, 51. min).

3.- Vila-real: Rulli; Foyth, Albiol, Torres, Estupiñán (Chukwueze, 59. min); Parejo, Capoue (Iborra, 90. min), Pino (Pedraza, 59. min), Alberto Moreno (Trigueros, 81. min); Gerard Moreno (Moi Gömez, 81. min) eta Dia.

Golak: 1-0, 31. min: Isak. 1-1, 37. min: Gerard Moreno. 1-2, 67. min: Moreno. 1-3, 93. min: Chukwueze.

Epailea: Figueroa Vazquez (Andaluziako batzordekoa). Txartel gorri zuzena atera dio Mikel Oyarzabali, 49.minutuan, eta horiak Merino, Zaldua, Estupiñán, Torres eta Parejo jokalariei.