Itxi

Txapeldunen Liga

Atariko azken kanporaketak

Benfica, Young Boys eta Malmö Txapeldunen Ligako multzoen fasean egongo dira

A. B. E. | EITB Media

Portugalgo taldeak PSV Eindhoven kanporatu du. Suitzarrek Ferencvarosen aurkako kanporaketa gainditu dute, eta suediarrek aurrera egin dute Ludogoretsen aurka.

  • Young Boys

    Young Boyseko jokalariak, sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

Benfica, Young Boys eta Malmö taldeek Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzeko txartela eskuratu dute astearte honetan, atariko azken kanporaketan PSV Eindohven, Ferencvaros eta Ludogorets garaituta, hurrenez hurren.

Golik gabe berdindu dute Benficak eta PSV Eindhovenek itzuliko partida, baina Lisboako (Portugal) taldea sailkatu da, joanekoa 2-1eko emaitzarekin irabazi izanaren ondorioz. Sufritu behar izan du Benficak, 30. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu baita, epaileak Lucas Verissimori txartel gorria atera diolako. PSVk erasora jo du, abaguneak izan ditu, baina ez da gola sartzeko gai izan, eta Benfica da multzoen fasea jokatuko duen taldea.

Young Boysek garaipena lortu du Ferencvarosen kontra (2-3), eta joaneko norgehiagoka ere irabazi (3-2) zuenez, onenekin lehiatuko da Txapeldunen Ligan. Partida eroa izan da, abagune askokoa, eta gol ugari izan ditu. Young Boysek aurrea hartu du markagailuan 4. minutuan, baina 27. minuturako emaitza iraultzea lortu du Hungariako taldeak, bi gol sartuta. Atsedenaldiaren ostean, ordea, suitzarrak nagusitu dira, beste bi gol sartu dituzte, eta garaipenak ez die ihes egin. Neurketako 64. minututik amaierara arte, Ferencvaros jokalari bat gutxiagorekin aritu da, epaileak Laidouni egotzi baitu, bigarren txartel horia aterata.

Bestalde, Malmök porrota jaso du Ludogoretsen aurka (2-1), baina joaneko partidan erdietsitako garaipenak (2-0) multzoen faserako txartela eman dio. Ludogorets irabazten hasi da, 10. minutuan sartutako golari esker, baina atsedenaldira heldu baino lehen leia berdintzea lortu du Suediako taldeak. Bigarren zatian, Bulgariako taldeak aurrea hartu du berriro markagailuan, baina Malmök ondo eutsi dio aurkariari, eta garaile atera da kanporaketan.

Azken kanporaketetako itzuliko partidetako emaitzak:

Abuztuak 24

PSV Eindhoven - Benfica 0-0 (1-2, kanporaketako emaitza)

Ludogorets - Malmoe 2-1 (2-3, kanporaketako emaitza)

Ferencvaros - Young Boys 2-3 (6-4, kanporaketako emaitza)