Korrika 2024
Apirilaren 4an
Goizetik abiatuko dute jaia Garesen, Korrikari hasiera emateko
eitb.eus
Ostegunean, hilak 4. Korrikaren 21. edizioa Garesetik abiatuko da, 17:00etan. Lehenago, zer ikusi eta zer egin egongo da Izarbeibarreko herrian.


Datorren ostegunean, apirilak 4, Korrika Garesetik abiatuko da, 17:00etan. Antolatzaileek gaur Iruñean azaldu dutenez, “goizean goizetik giro ezin hobea izanen da Garesen, hainbat ekimen antolatuta baitaude”.
Egun osoko jaia prestatu dute Izarbeibarreko herritarrek. Dianekin esnatuko da Gares, eta goizean hainbat ekimenek alaituko dute eguna (laialariak, joaldunak…) herri bazkariaren aurretik.
Hasiera ekitaldia 16:30ean hasiko da, Anabel Arraizak gidatuta eta Demode Quartet taldearen parte-hartzearekin.
Mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Izarbeibar eta Mañeru ibarretako herri bakoitzeko lagun batek egingo du: 16 herri guztira, 16 lagun.