Ekonomia -

Industria

Akordiorik gabe amaitu da Urdulizko Mecaner enpresan enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia

LAB sindikatuaren ustez, Stellantis automobilgintzako multinazionalaren erabakia "ez dago justifikatuta", eta Eusko Jaurlaritzari egotzi dio "deslokalizazioak eragozteko eta trantsizio ekosozialaren erronkei heltzeko industria-politikarik ez izatea".

Mecanerreko langileen aldeko manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Mecanerreko langileen aldeko manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA
Mecanerreko langileen aldeko manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urdulizko (Bizkaia) Mecaner lantegiko 144 beharginak kanporatzeko enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) kontsulta-aldia akordiorik gabe itxi dute, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, eta Eusko Jaurlaritzari egotzi dio "deslokalizazioak eragozteko industria-politikarik ez izatea".

Ohar baten bidez sindikatuak berretsi duenez, lan-erregulazioko espedientea ez dago justifikatuta, eta, beraz, "etorkizuna eta alternatiba ukatu zaizkio, bai langileei, bai eskualdeari".

"Kontsulta-aldian argi geratu da ez dagoela enplegu-erregulazioko espedientea justifikatzen duen arrazoirik. Horregatik, LABetik Stellantisi eskatu diogu kentzeko eta plantillarentzat eta eskualdearentzat etorkizuna izango duen alternatiba bat adosteko. Multinazionalaren ezezkoaren eta Eusko Jaurlaritzaren gelditasunaren aurrean, EEE prozesu hau akordiorik gabe amaitu da", zehaztu du.

LABek nabarmedu du ez dituela onartzen "Mecaner ixtearen kausak eta ondorioak", eta beharrezkotzat jo du lan-erreforma lehengoratzea; "izan ere, lan-legedia aldatzen ez bada, langileok ez dugu tresnarik eta bermerik, eta salduta daude enpresen diru-gosearen aurrean".

Itxiera-espedientea kabinete juridiko eta ekonomikoarekin aztertu ostean, sindikatuak esan du ondorioztatu zutela prozesu judizial bat abiaraztea "irteerarik gabeko kalezulo bat" izango zela, "ez zuelako langileen egoera hobetuko eta ez zuelako bermatuko Mecanerren etorkizuna". Horren aurrean, "alternatiba produktibo bideragarriak" proposatu izana nabarmendu du, "bai Stellantisen eskutik, bai beste kudeaketa- eta enpresa-partaidetza eredu batzuetara irekiz".

Hala ere, multinazionalak "kostuak merkatzeko ekoizpena deslokalizatzea" erabaki izana deitoratu du, "multinazionala diru publikoz ureztatzen duen bitartean alfonbra gorria jartzen dion legediaren eskutik".

Halaber, erantzukizuna bere gain hartu ez izana egotzi dio Jaurlaritzari; izan ere, "ez du atzamar bakar bat ere mugitu itxiera saihesteko, horretarako eskumenak izan arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Urduliz Sindikatuak Enpresaburuak