Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Amaiera ekitaldia

'Baketua' brasildarrak eskuratu du Zinemaldiaren Urrezko Maskorra

Mikel Dominguez | eitb.eus

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Josemari Goenaga zuzendarien 'Lubaki amaigabea'k Atal Ofizialeko bi sari eskuratu ditu, baita Euskal Zinemaren Irizar Saria ere.

El director de 'Pacificado', Paxton Winters. Foto: EFE

Paxton Winters zuzendari estatubatuarraren Baketua pelikulak irabazi du 67. Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra. Film brasildarrak Rio de Janeiroko favela bateko istorioa kontatzen du, Olinpiar Jokoak ospatzen diren bitartean.

Argazkilaritza onenaren Epaimahaiaren saria ere eskuratu du, eta gainera, Bukassa Kabengele protagonistak Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi du.

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Josemari Goenaga euskal zuzendarien Lubaki amaigabea-k Atal Ofizialeko bi sari lortu ditu amaiera ekitaldian. Hiru zuzendariek, lehenengo aldiz elkarrekin zuzendari lanetan, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu dituzte.

Gainera, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortu du Euskal Herriko eta Andaluziako ekoizpena duen pelikulak, eta lehenago, prentsa espezializatuak 2019ko Feroz Zinemaldia saria eman dio.

Goenagak "beldur" direnei eskaini dizkie sariak. Izan ere, Gerra Zibilen ezkutatzen den "sator" bat da pelikulako protagonista. "Sentimendu gutxi dira hori bezain humanoak. Beldurra existitzen den bitartean, guztiok sentitu dezagun lagunduta gaudela", esan du zuzendariak. Arregik, bestalde, talde artistiko eta tekniko osoarekin partekatu ditu sariak, horiek egin dutelako posible haiek pelikula zuzendu ahal izatea.

Lubaki amaigabea-ren egileek Atal Ofizialean lehiatzen diren hirugarren aldia izan da. 2014an Loreak aurkeztu zuten, eta saririk gabe geratu zen, eta 2017an Handia eraman zuten lehiaketa ofizialera, eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen.

Emakumezkoen Zilarrezko Maskorrak

Greta Fernandez kataluniarrari eta Nina Hoss alemaniarrari eman diete, ex aequo, Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, La hija de un ladrón eta Das Vorspiel pelikuletan egindako lanengatik, hurrenez hurren.

Fernandez arazo ekonomikoak dituen 22 urteko ama ezkongabe bat da Belen Funes hasiberriaren filmean. Gurasoei eskaini die saria: Esmeralda Berbel idazlea eta Eduard Fernandez aktorea, pelikula honetan ere bere aita dena.

"Nire amak bere liburu guztiak eskaini dizkit, eta aitak, bere sari guztiak. Nik sari hau eskaintzen diet, haiek izan nahi dudana izaten utzi didatelako", esan du hunkituta. Sara protagonista Sara bezala "gizalegezko bizitza bat izatek borrokatzen duten" neskei ere eskaini die.

Aldarrikapenez betetako eskerrak

Aldarrikapen asko egon dira amaiera galan. Juan Solanasek "legezko abortu askea" aldarrikatu du RTVE-Beste Begirada saria irabazi duen La ola verde (que sea ley) pelikulan.

Ez da ekitaldian egon, baina idatzita utzi dituen hitzaldian Europan abortu eskubidea "arintasunez" zalantzan jartzen duten iritziak deitoratu ditu, eta Argentinan abortu "askea eta doanekoa" egotea eskatu du, bere pelikulak bezala. "Hau emakumeen mende da, eta horregatik topa egitera gonbidatzen zaituztet", aldarrikatu du.

Era berean, De nuevo otra vez pelikulagatik Horizontes Latinos saria eskuratu duen Romina Paula zuzendariak amatasuna "erabaki egiten den" erantzukizuna dela aldarrikatu du. "Beharrezkoa da abortu segurua eta doanekoa legeztatzea", esan du.

Ken Loach zinegilea, bestalde, ez da ekitaldian egon, baina mezu bat utzi du. Europako pelikularik onenaren Publikoaren Saria eskuratu du Sorry we missed you filmarekin, eta egoera baliatu du "langile esplotatuen" egoera salatzeko. Greban dauden Gipuzkoako zahar-etxeetako langileei babesa adierazi die, beste behin. "Euren borroka gurea da", esan du.