Bitxikeriak -
Teknologiarik gabe
Teknologia ahazteko hotela
Pittsburgheko Rainaissance hotelak (AEB) era guztietako gailu elektronikoak alde batera utzita egun batzuk igarotzeko pakete familiarra eskaintzen du oporretarako.
Erredakzioa
Teknologia gure bizitzako egunerokotasunean guztiz barneratuta dagoenean, Pittsburgheko Rainaissance hotela (AEB) Detox Digital (desintoxikazio digitala) izeneko opor-paketea eskaintzen hasi da. Horrekin, familiek teknologiarekin inolako kontakturik ez edukitzeko eta "aske" sentitzeko aukera izango dute. Hala, apopiloek gailu elektroniko guztiak hotelaren sarreran utzi eta oporren amaierara arte ezingo dituzte berreskuratu. Gainera, logelak ez du ez telebistarik ez telefonorik izango.
Sistema horren bitartez, "familiek gehiegi estimulatuta dagoen mundutik askatzeko eta ingurukoekin konektatzeko aukera izango dute", hotelak bere webgunean emandako azalpenen arabera. Opor-paketeak gau bateko egonaldia eskaintzen du, luxuzko logela batean.
Gela horrek ez du ez telebistarik, ez telefonorik, ezta bestelako gailu elektronikorik ere. Horien ordez, hotelak kartak eta mahai-jokoak eskaintzen ditu.
Oporraldirako eskaintza horrek harrera ona izan du, eta Rainaissance hotela Pittsburgheko famatuenetarikoa bilakatu da. Banako logelak gaueko 300 dolarreko kostua du.