Bitxikeriak -
Gertakaria
Zotz bat kendu diote bihotzetik argentinar bati
Gaixoak ez zuen minik sentitu arazoa ezagutu aurretik, eta, dagoeneko, ospitalean sendatzen ari da. 24 urte izan du zotza gorputz barruan, bueltaka.
Agentziak | Erredakzioa
Argentinako medikuek zotz bat irentsi zuen gizonezko bat operatu behar izan dute. 42 urteko gaixo argentinarra bihotzeko infekzio batekin eta sukarrarekin heldu zen ospitalera. Hori dela eta, hasieran, 18 urte zituenean egin zioten odol-transfusioan ahaztutako kateter bat zela pentsatu zuten medikuek.
Operazioan, “egurrezko zotz batekin” egin zuten topo, “sendagileen harridura sortuz”, Fernando Cichero bihotzeko kirurgia arloko zuzendariak adierazi duenez. Halaber, gizonezkoak “ez zuen minik izan eta osasuntsu zegoen”.
Gainera, aurretik egin zizkioten erradiografietan ere ez zen zotzik ikusten, organismoak estali zuelako. Hipotesi nagusiaren arabera, zotza poliki-poliki mugituz joan zen, bere gorputzean sintomarik sortu gabe.
Medikuek uste dute datorren astean etxera bueltatu ahal izango dela, dagoeneko oso ondo aurkitzen baita.