Jendea -
Kritiken ostean
Sara Carbonero: 'Nire bizitza oso aspergarria da'
Kirol kazetariak adierazi du Cristiano Ronaldori buruz eman zuen iritzia gaizki ulertu dutela. Bitartean, Carbonerok berari buruz esaten direnak ahaztu eta lanean jarraitzen duela esan du.
Erredakzioa
Sara Carbonerok Cristiano Ronaldori buruz egindako adierazpenek eragin duten iskanbila ez da oraindik amaitu. Atzo, egunkari gehienek Iker Casillasen bikotekide ezagunak esandakoari buruzko albistea argitaratu zuten, baina kazetariak erantzuteko aukerarik ez du galdu eta, Qué egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, bere lana hori egitea dela adierazi du: "Kirol kazetaria naiz eta, hortaz, hitz egin eta iritzia eman behar dut, baina nire hitzak gaizki ulertu dituzte".
Sara Carbonerok egiten duen guztia eztabaidagai da. Hala ere, badirudi horrek ez duela kazetaria arduratzen; aitzitik, berea "oso bizitza aspergarria da", esan du. Hitz horiekin definitu du Telecincoko kazetariak bere egunerokoa. "Ematen duena baino askoz ere lasaiagoa da. Egun osoa telebistan lanean aritzen naiz eta beste guztia normala da", gaineratu du gazteak. Horrez gain, Carbonerok berari buruz esaten diren gauzei kasurik ez egiten saiatzen dela azaldu du, "7 telebista dituen erredakzio batean 10 ordu lan egiten baduzu, ezinezkoa den arren".
Carboneroren arabera, berak ez daki bere hitzek zergatik izaten duten horren eragin handia, baina bere jantziak eta orrazkera imitatzea modan jarri izanak ez duela kezkatzen gaineratu du: "Jendeak zuk janzten duzuna erabili nahi izatea ez da imitatzea. Nik 15 urte nituenean ere modak jarraitzen nituen; horrek ez nau arduratzen".
Hortaz, Carbonerok telebistarako iragarkiak grabatzen, aldizkarietako orrialdeak betetzen eta kirol albisteak egiten jarraitzen du. Hala ere, hamar urte barru "lasaiago" egotea espero du: "Nire lana egiten jarraitu nahi dut, ez dakit telebistan edo oso gustuko dudan irratian izango den, baina ziur naiz komunikabide batean egongo naizela".