Bitxikeriak -

Sari zoroak

Fardelak aldatzeko makina baten asmatzailea, Ig Nobel sarien irabazletako bat

Nobel sarien parodia diren golardoak bart banatu dituzte AEBen. Asmakizun bitxi edo barregarriak saritzen dituzte Ig Nobelek.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iman Farahbakhsh irandarrak fardelak automatikoki aldatzen dituen makina bat asmatu du. Asmakizunak ez du, agian, zientziaren historia astinduko, baina ekarpen garrantzitsutzat edukiko dute guraso gehienek. Egunero bizitza errazteko lagungarria delakoan, asmakizuna goraipatu nahi izan du Harvardeko Unibertsitateak, eta Ig Nobel sarietako bat (Nobel sarien parodia) eman diote.

Sari banaketa bart egin dute Harvard Unibertsitateko Sanders Theatre antzokian, "Annals of Improbable Research" (Ikerketa Sinesgaitzaren Historia) umore zientifikoko  aldizkariak antolatuta.

Sarion helburua da "barrea eragiteaz gain, pentsarazten zaituzten" 10 zientzialariren asmakizun edo ikerketa saritzea.

Farahbakhshen asmakizunaz gain, bi zientzialari holandarren eta turkiar baten ikerketa saritu dute 29. edizio honetan. Diru-paperak dituen bakteriak aztertu dituzte hirurek.

Silvano Gallus italiarraren ikerketa ere aipatzeko modukoa da. Pizza jateak osasunari dakarzkion osasun onurak ikertu ditu. 

Sariez gain, horiek banatzeko ekitaldia bitxia izan da oso. Ikus-entzuleetako batzuk paperez egindako hegazkinak bota dituzte, eta gizon bat taula gainera igo da, eskoziar gona aldean, gaita jotzera.

Antolatzaileek saria eskertzeko denbora mugatua jarri diete saridunei. Hala, luzatuz gero, 8 urteko neskato bat garrasika hasten zen: "Mesedez, isildu, aspertuta nago!!!!"

Saridun bakoitzak benetako Nobel saridunek sinatutako diploma eta kartoizko edalontzi bat eta hortzetako eskuila bat eraman dute oroigarri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Ameriketako Estatu Batuak Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena