Fagor -

Basauriko lantegia

Fagorren Etxetresnak gaur sartuko da hartzekodunen konkurtsoan

Basauriko Edesa lantegia ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko dutela baieztatu du Fagorrek.

Edesa ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko da

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basauriko Edesa lantegia ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko dutela baieztatu du Fagorrek. Hala, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibaren konkurtsoa asteazken honetan bertan eta Edesarena, berriz, ostiralean eskatuko dutela jakinarazi diete langileei, langileek beraiek azaldu dutenez.

"Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Edesaren egoerari buruzko azterketa zehatza egin ondoren", Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Edesa enpresetako Kontseilu Errektoreak "Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako laguntzari ez heltzea" erabaki duela azaldu du Fagorrek, ohar baten bidez. Idatzian adierazi duenez, laguntza horiek "ez dute bermatzen Edesa eta bertan ekoizten diren termo elektriko eta intermetagailuen plantaren bideragarritasuna". Nolanahi ere, "Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak Basaurin duen jarduera industriala eta enplegua babesteko Foru Aldundiak eskainitako laguntza" eskertu du Fagorrek.

Gaur arratsaldean bertan eman die erabakiaren berri Kontseilu Errektoreak langileei. Hala, 14:30ean deitu dituzte Edesako langileak bilerara, eta, bertan erabakia jakinarazten ari zirela, horren inguruko oharra zabaldu du Fagorrek.

Bi ordu baino gehiagoko bilera izan da, eta, Kontseilu Errektoreko kideek langileei azaldu dietenez, Aldundiak mahai gainean jarritako hiru milioi euroko laguntzak "abiapuntu gisa bakarrik balioko luke; ondoren, ekarpen handiagoa beharko litzateke''.

Langileak birkokatzen saiatzeko konpromisoa

Edesako 230 langileak MCCko beste enpresa batzuetan birkokatzen saiatzeko konpromisoa hartu dute Kontseilu Errektoreko kideek, langileek bilera bukatutakoan azaldu dutenez.

Edesako langileak ez dira kooperatibistak, eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean daude. Orain zortzi urte, enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuen enpresak.

Itxialdiari eutsiko diote langileek

Bilera bukatu ondoren, Ernesto Perez Edesako langileen bozeramaileak aurreratu du itxialdiari eusteko asmoa dutela. Halaber, ostegunean manifestazioa egingo dute Basaurin, eta herritarren babesa eskatu dute.

Behin betiko erabakia

Kontseilu Errektoreak joan den astelehenean hartu zuen Edesaren inguruko behin betiko erabakia; hala ere, aurreko ostiralean Edesa ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko zutela aurreratu zien langileei Sergio Treviño Fagor Etxetresnakeko zuzendariak.

Treviñoren iragarpenaren ostean, agerraldia egin zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, goizean Fagorren ordezkariekin egindako bileraren berri emateko. Bilbaok salatu zuenez, "egun batzuk lehenago esandakoaren kontrakoa" esan zuten ostiralean Fagorreko buruek, ahaldun nagusiaren hitzetan, 3 milioiko bermea edukita Fagor konkurtsotik ateratzeko prest agertu baitziren aurretik. Erabakia ez zuela ulertzen esan zuen Bilbaok, eta egia ez esatea egotzi zion Fagorri. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak "Basaurin eta Bizkaian industria jarduerari eta enpleguri eusteko" egin zuen proposamenak mahai gainean jarraitzen zuela gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea