Fagor -

Fagor Etxetresnak

Fagorren konkurtsoak Edesa porrotera daramala esan du epaileak

Edesako langileek "diskriminazioa" salatu dute, oraingoz ez diotelako Basauriko lantegiko inori lanpostu berririk eman, Fagorren birkokapenak egiten ari badira ere.

Edesa Basauri
Edesa Basauri
Fagorrek eraman du amildegira Edesa

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegiak bere gain hartu du Edesa kooperatibaren hartzekodunen konkurtsoa, eta Fagor Etxetresnakena kudeatzen duten aholkularitza-enpresak izendatu ditu administratzaile.

Edesaren lantegia Basaurin (Bizkaia) dagoen arren, auzia Donostiako epaitegian zuzentzea onartu du Pedro Jose Malagon epaileak. Gainera, Fagor Etxetresnaken eta horren filial guztien konkurtsoak auzi bakar batean pilatuko ditu.

Konkurtso arrunta izanik, administratzaile bakarra egon behar dela erabaki du epaileak: Eve Administracion Concursal, Howarth PLM Auditores eta Consultores Sayma enpresa-batasuna.

Epailearen esanetan, Edesa S.Coop. konpainiaren pasiboa 12,8 milioi eurokoa da, eta aktiboa, aldiz, 33,1 milioi eurokoa. "Zenbaki horiekin, berez, Edesa bideragarria da. Nolanahi ere, aktibo arruntaren zati handiena Fagorrek emandako kredituak direla kontuan hartuta, bistakoa da Fagorren konkurtsoak insolbentziara daramala Edesa, diru-iturri hori gabe geratu baita".

Donostiako epaitegiak Fagor Etxetresnaken, Irlandako eta Poloniako filialen eta Edesaren konkurtsoak onartu ditu jada, eta Grumal eta Proiek enpresena ere mahai gainean ditu.

Langileen salaketa

Bestalde, Edesako langileek Fagorreko lankideekin alderatuta "diskriminatuta" daudela salatu dute gaur.

Izan ere, Fagorren 300 birkokapen egin dituztela gogorarazi dute, baina Basauriko lantegian ez diote inori eman lanpostu berririk.

Edesako langileek martxa bat hasiko dute astearte honetan, Basauritik Arrasatera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Fagor etxetresna elektrikoak Donostia bideoak Epaiketak albisteak Mondragon korporazioa albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Albisteak