Fagor -

Fagor Etxetresnak

Industria produkzioa urrian martxan jarri nahi du Cata konpainiak

Aurreneko kontratazioak irailean egingo dituzte, merkataritzako jarduera hasten denean. Fagor, Edesa eta Grumaleko bazkide kooperatibista ohiek eta langileek lehentasuna izango dute.

Jorge Parlade CNAko administratzailea eta Francisco Martin Catako zuzendari nagusia. EFE
Jorge Parlade CNAko administratzailea eta Francisco Martin Catako zuzendari nagusia. EFE
Fagorren jarduera lehen bait lehen jarri nahi du martxan Catak

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnaken merkataritzako jarduera irailean hasiko dela adierazi du CNA taldeak. Era berean, industria produkzioa urrian martxan jartzeko borondatea azaldu du.

Horretarako, marketing eta merkataritza abiarazte egitasmo batean lan egin dute, "proiektu berria pixkanaka martxan jartzeko". Garagartzako lantegian eta gainerakoetan jarduera "abiadura ezberdinetan" hasiko da.

Jorge Parlade CNA Corporationeko administratzaileak eta Francisco Martin Cata Korporazioaren zuzendari nagusiak prentsaurrekoa eman dute gaur Fagorren instalazioetan, Arrasaten. Pedro Malagon epaileak Fagor Etxetresnak CNA Groupi saltzea erabaki du gaur. Honenbestez, operazioaren emaitzarekin "pozik" azaldu dira biak.

Eskarmentua

Bi buruzagiek azaldu dutenez, merkataritza eta industria jarduerak "lehenbailehen" martxan jartzea helburu nagusia da. Bestalde, zuzendaritza Fagorreko bazkide kooperatibista ohiek eta langile ohiek osatuko dutela aurreratu dute.

"Iraganean Fagor buruan jarri dutenen eskarmentua eta baloreen aldeko apustua egingo du CNAk", gaineratu dute. Kooperatibisten kolektiboak eta langileek lehentasuna izango dutela erantsi dute.

Fagorren "giza taldeari", prozedura judizialeko konkurtso-administratzaileei, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak "emandako babes eta laguntza ordainezinari" eta Kataluniako Gobernuaren laguntzari eskerrak eman nahi izan dizkio Parladek.

Catako arduradunak Fagor efe

Catako arduradunak Fagor efe

Jorge Parlade CNA Corporationeko administratzailea eta Francisco Martin Cata Korporazioaren zuzendari nagusia Arrasaten. Argazkia: EFE

Langileak

Langileak aukeratzeko prozesuari dagoeneko hasiera eman diotela jakitera eman dute. Fagor, Edesa eta Grumaleko bazkide kooperatibista ohiek eta langileek lehentasuna izango dutela ohartarazi dute.

Aurreneko kontratazioak irailean egingo dituztela aurreratu dute, behin esleipenaren izapideak bukatuta daudenean eta Fagor Etxetresnaken merkataritzako jarduera hasten denean.

Kontratazioak (705 lehen urtean) zein jarduera pixkanaka jarriko dituzte martxan: aurrena Garagartzako lantegia jarriko dute martxan, ondoren Eskoriatzako fabrika, eta gainerako lantegiek osagaien horniketa dutenean gauza bera egingo dute.

Garagartzako lantegia urrian zabaltzeko beharrezko horniketa dutela aurreratu dute Fagorreko jabe berriek.

Soldatak eta fakturazioa

Langileek "kasu guztietan, soldata berdinak edo handiagoak jasoko dituzte", zehaztu dute.

Gainera, produktuaren bezeroek "konfiantza galdu" ez dutela uste dute Catako arduradunek. Hirugarren ekitaldian 220 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero dute bi buruzagiek, "2012an Fagorrek zuen antzekoa", alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor gaur