Krisi Ekonomikoa -
Osasuna
Verak nekazal inguruetako larrialdi zerbitzuen dekretua berretsi du
Nafarroako Osasun sailburuak adierazi duenez, bestela "arriskuan" egongo zen osasun sistemaren "iraunkortasuna". Era berean, akordio batera heltzeko deia egin dio PSNri.
Erredakzioa
Marta Vera Osasun kontseilariak azpimarratu du Nafarroako Gobernuak bere horretan jarraituko duela eta nekazal eremuetako larrialdi zerbitzuen Dekretua ezarriko duela. Hala ere, akordio batera iristeko deia egin dio PSNri, izan ere, oposizio osoak, PPk izan ezik, lege proposamena egin zuen atzo dekretua bertan behera uzteko.
"Gobernuaren eskumena" diren neurri horien helburua osasun sistemaren "iraunkortasuna" bermatzea dela adierazi du, bestela "arriskuan" egongo litzatekeelako "eraginkortasun ezagatik".
Verak azaldu duenez, egungo sistemarekin, mediku batzuek gaixo bakar bat artatzen dute egunean eta 140.000 euro kobratzen dituzte urtean. Gaineratu duenez, guardiei esker, bi hilabeteko oporrak dituzte.
"Badakit egoera pertsonal batzuk oso gogorrak izango direla" erreformaren ondorioz, Nafarroako Ospitaleko sukaldeko langileek lana galduko baitute pribatizazioagatik, eta "profesional batzuk kontra daude gutxiago irabaziko dutelako, baina nire betebeharra herritarren osasuna da" eta onartutako dekretuarekin aurreztuko den dirua herritarren arretara bideratuko da, kontseilariak azaldu duenez.
Horren harira, neurri batzuk murriztaileak izango diren arren, beste batzuk diagnosi berrietara bideratuko direla eta Ubarminen beste lau ebakuntza-gela irekiko dituztela gogorarazi du.