Krisi Ekonomikoa -
Derrigorrezko oporren ostean
Astelehenean ekingo dio berriz lanari Corrugados Azpeitia enpresak
60 kaleratzeen kontrako greba bukatutzat eman ondoren, langileak ostegunera arte derrigorrezko oporrak hartzera behartu zituen enpresak.
Erredakzioa
Astelehen honetan ekingo dio berriz lanari Corrugados Azpeitia enpresan. ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, enpresak jarduna berriz abiatzeko asmoa helarazi die.
Langileak urtea hasi zenetik zeuden lanera noiz itzuliko zain. Izan ere, enpresak iragarritako 60 kaleratzeen kontra greba egin zuten sei hilabetez, eta epaitegiak kaleratze horiek baliogabe utzi zituenean, bertan behera utzi zuten greba langileek. Lanera itzultzekoak zirela, baina, enpresak ostegunera arte derrigorrezko oporrak hartzera behartu zituen.
Sindikatuen arabera, jarduera berriz ere martxan jartzea ''negoziazioan lagungarri izango den aurrerapauso garrantzitsua'' da, ''hitzetatik ekintzara igarota, noski'', azpimarratu dute, ohar batean.
Enpresak egindako azken proposamena aztertzen ari direla azaldu dute, eta bertan Corrugados Azpeitiaren ''bideragarritasuna soldatei lotuta'' jarri du berriz ere enpresak, sindikatuek salatu dutenez. ELAren eta LABen ustez ''eztabaida faltsua eragitea baino ez dute nahi''.
"Enpresaren etorkizuna Gallardo Taldeak aurrera egiten duen asmoaren menpe dago. Ez badago aurrera egiteko asmorik, debalde lan eginda ere ez da aurrera egingo'', azpimarratu dute.
Datozen egunotan langileekin batzartu eta enpresari proposamen bat helarazteko asmoa dutela azaldu dute sindikatuek.