Krisi Ekonomikoa -
Sindikatuen goi-bilera
Rehn: '2013a urte zaila izango da, baina gauzak aldatu egingo dira'
EB prest egon liteke Espainiaren defizit-muga luzatzeko. Ekonomia Gaietako Europako komisarioa ''oso kezkatuta'' agertu da langabeziak, bereziki gazteen artean, izan duen gorakada dela-eta.
Erredakzioa
2013a ''oraindik urte zaila'' izango dela aurreratu du Olli Rehn Ekonomia Gaietako Europako komisario eta Europako Batzordeko presidenteordea, baina ''gauzak aldatu'' eta ''orekatik berreskuratze ekonomiko jasangarrira'' igaroko gara, haren hitzetan.
Madrilen bilera egin du Luis de Guindos Ekonomia ministroarekin, eta Espainiako ekonomian ''aurrerapauso garrantzitsuak'' egin direla eta ''konfiantza handiagoa'' dagoela ziurtatu du Rehnek. Edonola ere, oraindik ere ahaleginak egiteke daudela gaineratu du.
Ekonomiaren ''hondatze nabarmena'' egon baldin bada, Europar Batasuna prest egon liteke defizit-muga luzatzeko, Rehnek azaldu duenez. Sendotze programaren hurrengo azterketa otsailaren 22an egingo dute.
Gazteen langabeziarekin ''kezkatuta''
Madrilen egiten ari diren Europako Sindikatuen goi-bileran hitzaldia eskaini du Rehnek, eta, bertan, Europak ''enpleguaren suntsiketa kezkagarria'' eten egin behar duela azpimarratu du. Halaber, elkarrizketa soziala eta sindikatuen ''berebiziko'' lana aldarrikatu ditu krisiari aurre egin ahal izateko.
Europako Batzordeko ordezkariak uste du sindikatuek ''berebiziko'' paper eta erantzukizuna dutela, eta, ildo horretan, sindikatuekin ekonomiaren, enpleguaren eta ezberdintasun sozialen inguruko iritziak partekatzeko foro berezia eratu dutela iragarri du.
Bestalde, ''oso kezkatuta'' agertu da langabeziak Espainian, bereziki gazteen artean, izan duen gorakada dela-eta. Egoera horri aurre egiteko plana lantzen ari direla nabarmendu du Rehnek.
Halaber, bankuen jarduna behatzeko mekanismoa ''aurki'' martxan egotea espero duela berretsi du.
2,5 milioi lanpostu galdu dira
Azken hamar urteotan Frantzian eta Espainian 2,5 milioi lanpostu galdu direla azpimarratu du Rehnek, eta, langabeziaren arazoari irtenbidea bilatzeko, ''lehiakortasunaren galeraren arazoa'' ere konpondu behar dela gaineratu du.
''Herritarren zaharkitzea eta zorraren arazoa kontuan izanda, Europan ongizatea mantendu nahi baldin badugu, lehiakortasun horri ekin behar diogu'', esan du. Horretarako, beharrezko ikusten ditu ''I+G, formakuntza eta enpresa txikiek mailegua berreskuratzea''.
Lan-merkatuan erreformak egiten jarraitzeko gomendioa ere egin du Rehnek.