Krisi Ekonomikoa -
Erreforma
EAEko epaile gehienek Justiziako grebarekin bat egin dute
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak tasak garestitu zirenetik aurkeztutako salaketa kopurua % 25 murriztu dela jakinarazi du. Greba batzordearen arabera, grebaren jarraipena %54ekoa izan da EAEn.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko epaileen %54k Justizia arloan deitutako grebarekin bat egin dute, sindikatuek jakinarazitako datuen arabera. Hain zuzen ere, 187 epaileetatik 101ek egin dute bat lanuztearekin. Espainian bezalaxe, Hego Euskal Herriko Justizia jauregien atarietan ere kontzentrazioak egin dituzte.
Hego Euskal Herriko epaileekin batera, Espainiako Estatuko epaile guztiak daude greba egitera deituta, Mariano Rajoyren Gobernuak egindako erreforma judizialek eragin dituzten murrizketak salatzeko.
Epaileak eta fiskalak daude lanuztean parte hartzera deituta; baina epaileen elkarte nagusiek, kontserbadoreek, ez dute bat egin: Magistraturaren Elkarte Profesionalak eta Fiskalen Elkarteak.
Francisco de Vitoria, Jueces para la Democracia, Foro Judicial Independiente, Union Progresista de Fiscales eta Asociacion Profesional Independiente de Fiscales elkarteak dira protesta deialdia egin dutenak.
Justizian inbertsio publiko handiagoa aldarrikatzea eta tasen igoera eta ordezko epaileen murrizketa salatu nahi dituzte Justizia alorreko profesionalek.
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak bat egingo du protestarekin, izan ere, tasak garestitu zirenetik aurkeztutako salaketa kopurua % 25 murriztu dela jakinarazi du.
Elkarretaratzeak
Ehunka lagun elkartu dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Justizia Jauregien aurrean egin diren kontzentrazioetan.
Bilboko kontzentrazioan 200 lagunetik gora elkartu dira, horien artean, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia, Alfonso Gonzalez-Guija Bilboko epaile dekanoa, Unai Sordo eta Damaso Casado Euskadiko CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak hurrenez hurren, eta LAB sindikatuko eta etxegabetzeen kontrako elkarteetako ordezkariak.
Edmundo Rodriguez Demokraziaren aldeko Epaileak taldeko ordezkariaren arabera, greba "arrakastatsua" izan da EAEn: "Epaiketa eta bista ugari bertan behera gelditu dira". Hala ere, gutxieneko zerbitzuak errespetatu direla azpimarratu du.
Gasteizen, Arabako Probintzia Auzitegian aurreikusita zegoen epaiketa bertan behera gelditu da, eta probintzian egitekoak ziren beste hogei bat bista ez dira egin, Mercedes Guerrero Probintzia Auzitegiko presidenteak eta Jose Luis Nuñez Gasteizko epaile dekanoak jakinarazi dutenez. Aipaturiko horiek lan egin dute gaur, baina kontzentrazioetan parte hartzen ere izan dira.
Donostian Justizia alorreko dozenaka langile elkartu dira Justizia Jauregiaren aurrean, Iñaki Subijana Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentea buru zutela. Iruñean bestalde, ehun bat lagun elkartu dira "kalitatezko justizia independente baten alde".
Grebaren jarraipena
Grebaren jarraipena ezberdina izan da, lurralde eta administrazio bakoitzean. Araban, greba egin dute 29 epaileetatik 21ek; Gipuzkoan, 48tik 23k; eta Bizkaian, 120tik 57k.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegian epaile batek bakarrik egin du greba, eta beste 11k lanera joan dira. Gipuzkoako gainerako auzitegietan grebaren jarraipena ezberdina izan da. Irungo eta Azpeitiko auzitegietako epaileek ez dute grebarekin bat egin. Tolosa, Bergara, Eibar eta Donostiako epaitegietako hainbat epailek, berriz, lanuztea egin dute.
Arabako Probintzia Auzitegian 6 epaileetatik 5ek greba egin dute. Gasteizko auzitegian, 21etik 15ek greba egin dute, eta, Amurrion, 2tik 1ek.
Bizkaian, Probintzia Auzitegiko epaileek ez dute lanuztearekin bat egin. Bertako gainerako epaitegietan grebaren jarraipena zabala izan da: Bilbon, 52 epaileetatik 34k egin dute greba; Barakaldon, 10etik 7k; Getxon, 5etik 4k; Durangon, 4tik 3k; eta Gernikan, 2tik 1ek.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiko epaileek ez dute lanuztearekin bat egin. Halaber, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietako epaile batek egin du greba.