Krisi Ekonomikoa -

Funtzio publikoa

Jaurlaritzak funtzionarioen lanaldia luzatuko du

Urteko 1.592 orduetatik 1.614,5 ordura igoko du. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk parte hartu dute Funtzio Publikoaren Mahaian, eta akordiorik gabe amaitu da bilera.

Funtzionarioek protesta egin dute, Jaurlaritzan. EFE.
Funtzionarioek protesta egin dute, Jaurlaritzan. EFE.
Jaurlaritzak langile publikoen lanaldia luzatuko du

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Administrazio publikoko 70.000 langileen lanaldia luzatuko du, eta urtean 1.592 ordu lan egin beharrean, 1.614,5 ordu lan egin beharko dituzte langile publikoek.

Jaurlaritzako ordezkariek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bilera egin dute Funtzio Publikoaren Mahaian, eta bilera akordiorik gabe amaitu da eguerdian.

Jaurlaritzak agiri batean azaldu duenez, sindikatuak "elkarrizketarako prest" agertu dira, baina ez da bilera gehiago egongo eta datorren asteko gobernu-bileran onartuko du Jaurlaritzak funtzionarioei eragiten dien neurri-sorta, lanaldia 22,5 ordu luzatzea, besteak beste.

Hori horrela, langile publikoen lanaldi berria 1.614,5 ordukoa izango da, eta amaitu egingo da 35 orduko lanastea.

Hala ere, EAEn "lan-baldintza onenak" izango dituzten langileak izango direla azpimarratu du Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak.

Bajak

Era berean, aldaketak iragarri dituzte behin behineko ezintasunengatik lan egin ezin dutenentzat. Hori horrela, langileek soldataren erdia jasoko dute lehenengo hiru egunetan, % 75a laugarren egunetik hogeigarrenera, eta 21.etik aurrera soldata osoa jasoko dute.

Familia eta lana uztartzeko neurriak

Lana eta familia uztartzeko neurriei dagokienez, urteko zortzi ordu emango dituzte 12 urtetik beherako haurrak dituztenei.

Era berean, araudi berria onartuko dute langile publikoek gaixotasun larriak dituzten haurrak zaintzeko eta telelanaren aukera aurten bertan ezartzen saiatuko dira, entseguetan emaitza onak lortu ostean.

Enpleguari eutsi

Bestalde, enplegu publikoari eusteko eta zerbitzuak kanpoan ez kontratatzeko konpromisoa hartu du Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak.

Martxoak 5

Neurri horiek guztiak martxoaren 5ean onartuko dituzte, datorren asteartean, "berehala indarrean jartzeko".

Azkenik, 2013ko lan-hitzarmenak negoziatzeko eskaintza egin die Jaurlaritzak sindikatuei, luzapen egoeran baitaude momentu honetan.

Sindikatuen erreakzioa

Agiri batean, ELAk Eusko Jaurlaritzaren "murrizketa politikaren aldeko apustua" salatu du, eta horretarako Espainiako Gobernuaren dekretuak aprobetxatu dituela.

Sindikatuak 35 orduko lanastea aldarrikatu du, "lorpena" izan baitzen langileentzat, eta EAJren aldeko botoekin onartu zelako 2000. urtean.

Itxaso Ortegak (LAB) esan du ez dutela "etsiko", nahiz eta aitortu Eusko Jaurlaritzak atzera egitea "zaila" izango dela.

35 orduko lanastea "ezinbestekoa" omen da enpleguari eusteko eta funtzionarioei lan gehiegi ez emateko.

UGTren aldetik, Funtzio Publikoaren Mahaia "itxurakeria" besterik ez dela izan eta "murrizketak inposatzen eta enplegu publikoa suntsitzen" aritzea leporatu dio Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea