Krisi Ekonomikoa -

Enplegua

Lehendakariak astelehenean aurkeztuko du enplegu plana

Gazteen langabeziari, 45 urtetik gorako langabeen egoerari eta seme-alabak dituzten 45 urte baino gutxiagoko emakumeen egoerari aurre egiteko neurriak egongo dira bertan, Aburtoren esanetan.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak iragarri duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak enplegua suspertzeko plana "jarriko du mahai gainean" datorren astelehenean.

Gazteen langabeziari, 45 urtetik gorako langabeen egoerari eta seme-alabak dituzten 45 urte baino gutxiagoko emakumeen egoerari aurre egiteko neurriak egongo omen dira egitasmo horretan, Aburtok Bilbon egindako agerraldi batean azaldu duenez.

Etxegabetzeak

Sailburuak etxegabetzeen "drama" ere izan du hizpide, eta bihar gizarte zerbitzuetako, justiziako eta etxebizitzarekin lotutako erakundeetako ordezkariekin bilera egingo duela jakinarazi du. Bilera horren helburua etxegabetzeen aurrean protokolo bat zehaztea izango omen da.

Aburtoren hitzetan, protokoloaren helburua "etxegabetzeen inguruan gertatzen dena argitzea da, kasu horien ezagutzatik etorriko da eta konponbidea".

Gogora ekarri duenez, etxegabetze guztiak ez dira berdinak, eta aurreko astean Bilbon bere buruaz beste egin zuen gizonaren kasua bezalakoak, "aurretik jakinez gero", saihestu daitezkeela azpimarratu du. "Baliabideak badaude, baina kontua da ez dugula arazoak garaiz konpontzeko formula egokirik aurkitu", gaineratu du.

Horren esanetan, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-parkea jarriko du egoera horietan dauden pertsonen eskura.

Laguntza sozialei eta horiek jasotzeko Patxi Lopezen Jaurlaritzak jarri zituen baldintzei dagokienez, Aburtok esan du ez dutela aldaketarik egingo eta berdin utziko dituztela bai baldintzak bai kopuruak.

Etxebizitza Lege berria

Etxebizitza Lege berria onartzearen alde agertu da Juan Mari Aburto. Horren ustez, lege berriaren helburua etxebizitzarako eskubidea bermatzea izango da, "ez jabetza eskubidea, erabilera baizik". Horretarako, aurreko legegintzaldian sozialistek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten Etxebizitza Legearen proiektua erabiliko dute, baina hainbat aldaketa egingo dizkiote "eragile sozialen parte hartzea bermatzeko eta bere zilegitasuna handitzeko".

Aburtoren iritziz, sistema eta kultura aldaketak beharrezkoak dira: "Zaila izango da, bi legegintzaldi baino gehiago beharko dira aldaketa gauzatzeko, baina etorkizunean etxebizitzen prezioa kontrolatzeko balioko du".

Bestalde, dagoeneko eraikita dauden etxebizitzei etekin sozial handiagoa atera behar zaiela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea