Krisi Ekonomikoa -
Greba
Irungo eta Urnietako IAT guneetan zortzi eguneko greba abiatu dute
Enpresa Batzordeak 56 greba egun iragarri ditu, eta datozen bi asteetan egingo dituzte lehen 8 geldialdiak. Zuzendaritzari hitzarmena berritzea eskatzen diote.
Irungo eta Urnietako IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) zentroetako langileek greba egingo dute martxoaren 25etik 27ra eta apirilaren 2tik 6ra bitartean. Langileek hitzarmena berritzea eskatzen dute.
56 greba egun iragarri ditu enpresa batzordeak, eta lehenengo lanuzteak Aste Santuan eta Pazko Astean egingo dituzte. Enpresa batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez, 18 hilabete igaro dira negoziazio mahaia aurkeztu zenetik, eta langileek 180 egun daramatzate, egunero, lanuzteak egiten.
"Negoziazioetan ez da aurrerapausorik egon, eta zuzendaritzak ez ditu gure eskariak entzun", adierazi du Enpresa Batzordeak. Hitzarmen kolektiboa berritzea eskatzen dute langileek.
Jarrera aldatzeko eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu dio Enpresa Batzordeak zuzendaritzari. Lan-gatazkari amaiera emateko proposamenak aurkezteko deia ere egin dio.
Aldez aurretik, barkamena eskatu diete langileek bezeroei grebak eragindako arazoak tarteko. Hala ere, ulermena eta babesa eskatu diete.