Krisi Ekonomikoa -
Akordiorik gabe
Grebari eutsiko diote Irun eta Urnietako IAT guneetan
Zortzi eguneko greba hasi dute gaur lan hitzarmenaren alde. Akordiorik lortu ezean, enpresa batzordeak 56 greba egun iragarri ditu.
Irun eta Urnietako ibilgailuen azterketa teknikoko langileek zortzi eguneko greba hasi dute gaur lan hitzarmenaren alde.
Enpresarekin akordio baten bila egon dira Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzan, baina ez dute akordiorik lortu. Beraz, langileek grebarekin jarraituko dute. Lan zuzendaritzak datorren asteazkenerako deitu ditu berriz ere enpresa eta langileak.
Irungo eta Urnietako IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) zentroetako langileek lehen greba eguna egin dute gaur, eta beste zazpi egunetan ere lanuzteak egingo dituzte; martxoaren 25etik 27ra eta apirilaren 2tik 6ra bitartean. Langileek hitzarmena berritzea eskatzen dute.
56 greba egun iragarri ditu enpresa batzordeak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, 18 hilabete igaro dira negoziazio mahaia aurkeztu zenetik, eta langileek 180 egun daramatzate, egunero, lanuzteak egiten.
"Negoziazioetan ez da aurrerapausorik egon, eta zuzendaritzak ez ditu gure eskariak entzun", adierazi du Enpresa Batzordeak. Hitzarmen kolektiboa berritzea eskatzen dute langileek.
Jarrera aldatzeko eta negoziazio mahaian esertzeko eskatu dio Enpresa Batzordeak zuzendaritzari. Lan-gatazkari amaiera emateko proposamenak aurkezteko deia ere egin dio.
Aldez aurretik, barkamena eskatu diete langileek bezeroei grebak eragindako arazoak tarteko. Hala ere, ulermena eta babesa eskatu diete.