Krisi Ekonomikoa -
Euroguneko krisia
Hollande: 'Aurrezkien bermea printzipio ezeztaezina da'
Zipreren egoera "berezia, bakarra eta salbuespenezkoa" dela errepikatu du Frantziako presidenteak, eta "salbuespenezko" irtenbidea behar zuela erantsi du.
Erredakzioa
Europako bankuen batasuna martxan egongo balitz Zipreko krisia ez litzatekeela gertatuko azpimarratu du Francois Hollande Frantziako presidenteak. Aurrezkien berme sistema bat etorkizuneko bankuen batasunean printzipio "ezeztaezina" dela esan du Hollandek.
Zipreren egoera "berezia, bakarra eta salbuespenezkoa" dela errepikatu du Hollandek, eta "salbuespenezko" irtenbidea behar zuela gaineratu du. Aurrezkiak bermatzeko ahalegina egin behar zutela azaldu du Frantziako buruzagiak, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin batera emandako prentsaurrekoan.
Hollanden ahotan, garrantzitsuena Zipreko krisian akordio batera heldu direla da, erraza ez zelako; izan ere, herrialdea egoera "ezberdinean" dago. Konkretuki, Zipreko finantza sistema "oso handia" zen eta aurreztaileak ez ziren bertako herritarrak eta euroguneko biztanleak bakarrik.
Europako bankuen batasuna lortzeko aurrerapausoak ematea eskatu du Frantziako presidenteak. Era berean, ikuskaritzarako, kapitalizaziorako eta konponbiderako mekanismo amankomunak ezartzea garrantzitsua dela errepikatu du, bankuak zaintzeko eta krisiak konpontzeko.
Aurrezkien bermea "funtsezko" printzipio "ezeztaezina" dela nabarmendu du Frantziako presidenteak; izan ere, konfiantza lortzeko oinarrizkoa da.